Memoria gai hartuta, Maria Jauregik, Idoia Zabalzak eta Pili Zabalak mahai ingurua eskainiko dute hilaren 15ean

Julene Frantzesena 2022ko ots. 4a, 12:59

Javi Buces Aranzadiko historialaria eta Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea.

Mahaingurua Egia, justizia eta erreparazioa: hiru bizipen memorian izenburupean egingo dute, 18:30ean hasita, Basazabal jauregian. Edukiera mugak tarteko, aurrez izena eman beharko dute solasaldira joan nahi duten herritarrek.

Maria Jauregi, Idoia Zabalza eta Pili Zabala. Hiru emakume horiek memoria gai hartuta mahai ingurua eskainiko dute otsailaren 15ean, asteartea, Basazabal jauregian. Beren bizipenetatik abiatuta eskainiko dute solasaldia. Izan ere, ETAk hil zuen Juan Mari Jauregi Gipuzkoako gobernadore zibil ohiaren alaba da Maria Jauregi; Idoia Zabalza, berriz, Intxaurrondoko (Donostia) kuartelean torturatuta hil zen Mikel Zabalzaren arreba; eta Pili Zabala GALek hil zuen Joxi Zabalaren arreba.

Mahai ingurua Egia, justizia eta erreparazioa: hiru bizipen memorian izenburupean egingo dute, 18:30ean hasita, Basazabalen. Edukiera mugak tarteko, aurrez izena eman beharko dute hara joan nahi duten herritarrek. Astelehenetik aurrera izango da horretarako aukera, 943-15 71 85 telefono zenbakira deituta.

"Beste urrats bat"

Azpeitiko Udalak eta Aranzadi zientzia elkarteak antolatu dute hitzordua, Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak adierazi duenez, memoriaren eta giza eskubideen urraketen lanketan "sakontzeko" eta "alde desberdinetako biktimak entzuteko" xedez. Izan ere, haren arabera, "elkar ezagutuz eta entzunez egingo dugu bizikidetzan aurrera". Alkatearen esanetan, bide horretan "beste urrats bat" izango da mahai ingurua.

Javi Buces Aranzadiko historialariak gidatuko du mahai ingurua. Hark eskerrak eman dizkie hiru hizlariei: "Eskertzekoa da Jauregik, Zabalzak eta Zabalak beren bizipenak azpeitiarrekin elkarbanatzeko agertutako prestutasuna".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide