Lagun Onakeko talde nagusiek puntu bana eskuratu dute

Julene Frantzesena 2022ko ots. 6a, 09:30

Lagun Onakek urtarrilean Vitoriaren kontra jokatu zuen partidako irudia.

Bina berdindu dute gizonen eta emakumeen lehen taldeek. Espainiako Hirugarren Mailako taldeak Santutxuren kontra neurtu zituen indarrak Garmendipen, eta Ohorezko Erregional Mailako taldeak, berriz, Amaikak Baten aurka Deban.

Lagun Onakeko gizonen eta emakumeen lehen taldeek puntu bana eskuratu dute asteburuan. Espainiako Hirugarren Mailako gizonen taldeak Santutxuren kontra neurtu zituen atzo indarrak Garmendipe futbol zelaian, eta Ohorezko Erregional Mailako emakumeek, berriz, Amaikak Bat izan zuen aurrez aurre Deban.

Esku hutsik, behintzat, ez ziren gelditu. Ander Avellanedak gidatzen duen mutilen taldeak 2 eta 2 egin zuen atzokoan. Partida ez zuten ondo hasi Azpeitiko jokalariek, baina berehala berdindu ahal izan zuten norgehiagoka: penaltiz sartu zuen banakoa Xabier Geretak. Lagun Onakek aurretik jartzea ere lortu zuen, gainera; 2 eta 1eko gola Josu Ibarbiak sartu zuen. Markagailua hala zela iritsi zen atsedenaldia, baina ezin izan zion garaipenari eutsi taldeak: 85. minutuan sartu zuen Santutxuk berdinketaren gola.

Emakumeek ondo hasi zuten norgehiagoka; izan ere, 26. minutuan sartu zuen 0 eta 1ekoa Eguzkiñe Peñak. Handik hamar minutura, baina, Amaikak Batek berdinketa lortu zuen. Atsedenaldira markagailua bana zela joan ziren bi taldeak, baina garaipen gosez atera ziren berriz ere zelaira. 69. minutuan sartu zuen Debako taldeak bigarren gola, eta Lagun Onakek ez zuen etsi: 88. minutuan sartu zuen bigarren gola Eguzkiñe Peñak, falta jaurtiketaz. Horrela bukatu zen partida: 2 eta 2.

Atzoko berdinketa tarteko, Lagun Onak sailkapeneko 16. postuan da gaur-gaurkoz, jaitsiera postuetan, baina handik irteteko aukerekin. Emakumeen taldea, berriz, sailkapenaren erdialdean da, zortzigarren, 29 punturekin.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide