Ainara Gorostitzu: "Ez dut uste amatasunean hainbeste ahaldundu garenik"

Gipuzkoako Hitza 2022ko ots. 7a, 09:00

Ainara Gorostitzu.

Hik Hasi egitasmo pedagogikoan lan egiten du Ainara Gorostitzuk (Ataun, 1981). Ama asko elkarrizketatu izan ditu Hazi Hezi aldizkarirako, eta askok esan izan diote "zulo batean" erori direla ama izatean. "Amatasuna deseraiki eta amatasunak eraikitzeko beharra" ikusten du Gorostizuk, eta horretaz ariko da hain zuzen, asteazkenean, 18:30ean, Emakumeen Txokoan emango duen hitzaldian. Gipuzkoako Hitzarako elkarrizketa egin dio Miren Garatek.

Zer landuko duzu asteazkeneko hitzaldian?

Historikoki, amatasuna erabili izan da emakumea mendean hartzeko, eta gaur egun oraindik hala da. Bada, hortaz jabetu eta amatasuna modu bizigarriagoan bizitzeko gonbidapena da nirea, ikaragarrizko beharra ikusi dudalako. Amatasuna deseraiki eta amatasunak eraiki behar ditugula iruditzen zait. Horretarako, feminismoaren barruan amok antolatu egin behar dugu; hori da nire mezua.

Nolako harremana izan dute feminismoak eta amatasunak?

Deserosoa, hori ezin da ukatu. Patriarkatuak, historikoki, ahalegin handia egin du emakumearen izate osoa amatasunera mugatzeko, eta, feminismoari esker, gaur eta hemen behintzat, ama izan ala ez erabakitzeko aukera daukagu emakumeok, edo, gutxienez, noiz izan eta noiz ez. Genealogiari aitortza egin behar zaio. Baina amatasuna emakumeon destino bakar izatearen kontrako borroka horretan pendulua muturrera eraman zuen bigarren olatu feministak, batzuek amatasuna ukatzeraino, ziurrenik beharrezko zelako. Baina horrek amatasunaren eredu askatzaileagoa eta sanoagoa behar zuten emakume asko eredu gabe utzi zituen, ama asko feminismoaren barruan deseroso sentitzeraino.

Nola lagun dezake feminismoak ama gisa ahalduntzen?

Ustez ditugun pribilegioez jabetuz, hasteko, eta amatasunaren izenean ezarri nahi zaizkigun kateez jabetuz, ondoren.

Nola azalduko zenuke zer den amatasun ahaldundu bat?

Emakume gisa esparru askotan ahaldundu gara, baina ez dut uste amatasunean hainbeste ahaldundu garenik. Ez dakit noren izenean, edo haurraren hobe beharrez nahiz korronte baten edo kontrakoaren izenean, zaintzari loturiko erabaki asko ez ditugu ahalduntzetik hartzen. Amatasuna zaintzaren aurpegi atsegina dela esaten zaigu, baina gaur eta hemen, amatasunak prekarizatu egiten du, osasuna galtzen dugu, ama asko estresak jota daude… Horri buruz hitz egin behar dugu, geu jabetu, gure amatasun esperientziak bizigarriago izan daitezen, eta, bereziki, hurrengo amak ez daitezen zuloan erori. Kontakizunak behar dira. Eta, zorionez, azken bi urteetan gehiago entzuten ari gara; euskal literatura ekarpen ikaragarria egiten ari da bizipen horiei ahotsa jartzeko, eta badatoz lan gehiago ere.

Elkarrizketa osoa Gipuzkoako Hitzaren webgunean irakur daiteke.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide