Koronabirusa Azpeitian

Aire zabaleko nahiz itxitako kirol instalazioetako edukiera muga handitu egingo dute Hegoaldean

Julene Frantzesena 2022ko ots. 7a, 12:14

Maskara erabiltzeko gomendioa emateko, bolada batean Erdikalean jarrita egon zen kartela.

Espainiako Osasun Ministerioak eta erkidegoek adostu dute aire zabaleko kirol instalazioetako edukiera muga %85era handitzea, eta kirol eremu itxietakoa, berriz, %75era. Aire zabalean maskara ez da derrigor erabili beharko ostegunetik aurrera.

Lurralde arteko Osasun Kontseiluaren ezohiko bilera izan da gaur goizean, eta Espainiako Osasun Ministerioak nahiz erkidegoek aire zabaleko kirol ikuskizunen edukiera muga %75etik %85era handitzea erabaki dute. Kirol eremu itxien kasuan, berriz, %50etik %75era handituko dute pertsona kopuruaren muga. Dena den, aire zabaleko kirol instalazioetan ezingo da edan, jan eta erre.

Bestalde, aurreko astean iragarritako moduan, aire zabalean maskara janzteko derrigortasunari lotutako neurria bertan behera utziko dute. Bihar sinatuko du Espainiako Gobernuak errege dekretua, eta ostegunetik aurrera, beraz, musukoa ez da nahitaez jantzi beharko aire zabalean.

Hala eta guztiz, maskara derrigor jantzi beharko da, soilik, ekitaldi jendetsuetan eta pertsonen artean 1,5 metroko distantzia mantendu ezin denean. Halaber, jende pilaketak diren tokietan maskara janztea, gainera, “gomendioa” izango dela adierazi dute. Erkidego guztietako ordezkariek babestu dute neurri aldaketa hori, baina Eusko Jaurlaritza abstenitu egin da bozketan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide