Iraurgiko Manex Ansorregi, Urrezko LEB ligaren azken jardunaldiko saskiratzaile onena

Mailo Oiarzabal 2022ko ots. 8a, 08:52

Manex Ansorregi. (Baloncesto EspaƱa)

22 puntu saskiratu zituen Juaristi ISBk Lleidan lortutako garaipenean. 20. jardunaldiko bostekoan ere sartu dute Azkoitiko hegalekoa.

Iraurgi Saskibaloiko Manex Ansorregi Urrezko LEB ligaren 20. jardunaldiko saskiratzaile onena izan da, Juaristi ISBk Lleidan irabazitako neurketan egindako 22 puntuei esker. Hegaleko azkoitiarra azken jardunaldiko bosteko onenean ere sartu dute.

Urrezko LEB ligaren azken jardunaldi horretako onenen artean egon da Iraurgiren harrobitik ateratako beste azkoitiar bat ere: Xabi Oroz (Acunsa GBC) izan da asistentzia gehien –zortzi– eman dituen jokalaria.

Igandean, derbia

Ansorregi eta Oroz aurrez aurre ariko dira datorren igandean Illunben. Urtarrilaren 8an jokatzekoak ziren eta COVID-19ren eraginez atzeratu behar izan zuten gipuzkoarren arteko derbia jokatuko dute, 12:00etatik aurrera.

Urrezko LEB Ligaren hamabosgarren jardunaldiari zegokion neurketa da Iraurgikoek eta Donostiako taldeak jokatuko dutena. Sailkapenean bosgarrena da uneotan Acunsa GBC, hamar garaipenekin. Juaristi ISB, berriz, hamabosgarrena da, zazpi garaipenekin eta donostiarrek baino partida bat gutxiago jokatuta; hemezortzi neurketa jokatu dituzte orain arte donostiarrek, eta hamazazpi urolatarrek.

Uztarriak partida horretarako bi sarrera bikoitz zozketatuko ditu bere bazkideen artean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide