Ireki dute Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiaren XXIX. edizioan izena emateko epea

Anartz Izagirre 2022ko ots. 9a, 14:00

2019ko maratoi erdiko irudi bat.

2020. eta 2021. urteetan izen-ematea gordetzea erabaki zutenek doan eman ahalko dute aurtengo ediziorako izena. Maratoi erdian eta lasterketa motzean inskribatzeko epea martxoaren 24an amaituko da, eta Rock The Sport webgunean izango da horretarako aukera.

Diego Garciaren oroimenezko XXIX. Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia martxoaren 26an, larunbata, egingo dute, eta gaur ireki dute izen-emate epea. Antolatzaileek azaldu dutenez, 2020. eta 2021. urteetan izen-ematea gordetzea erabaki zutenek doan inskribatu ahal izango dute aurtengo proban. Gainontzekoek, hiru epealdi izango dituzte maratoi erdian zein zortzi kilometroko lasterketa motzean izena emateko.

Maratoi erdiari dagokionez, federatutako kirolariek otsailaren 28ra bitartean 22 euro ordaindu beharko dute izen-ematea, eta 25 euro federatu gabekoek; taldeek, berriz, %10eko beherapena izango dute, eta abantaila hori eskuratzeko kontsultak@azkoitiaazpeitia.eus helbide elektronikora mezua idatzi beharko dute. Otsailaren 22tik martxoaren 17ra bitartean, berriz, 24 euro balioko du federatuen izen-emateak, eta 27 euro federatu gabekoenak. Azkenik, martxoaren 17tik 24ra bitarteko inskripzioak 29 euroko balioa izango du federatuentzat, eta 32 federatu gabekoentzat. Bestalde, antolatzaileek adierazi dute Gipuzkoako Txapelketako parte-hartzaileek Gipuzkoako Atletismo Federazioaren bitartez eman beharko dutela izena.

Zortzi kilometroko lasterketa motzean parte hartzeko hamabost euro ordaindu beharko da martxoaren 17ra bitartean, eta taldeek %10eko beherapena izango dute proba horretan ere. Deskontu hori jaso nahi duten taldeek kontsultak@azkoitiaazpeitia.eus helbide elektronikora mezua idatzi beharko dute. Martxoaren 17tik 24ra bitartean, berriz, 20 euro balioko du proba motzeko izen-emateak.

Antolatzaileek nabarmendu dutenez, bi probetako partaide kopurua murriztu egin dute aurtengoan. Maratoi erdian, gehienez, 600 lagunek eman ahalko dute izena, eta lasterketa motzean, 300 pertsonak. Izen-emateak Rock The Sport webgunearen bitartez egin ahal izango dira.

Aupa Zu! leloa

Urtero bezala, lasterketa atletismoko erakunde ofizialen egutegian sartuta dagoela azaldu dute antolatzaileek, eta aurten, gainera, World Athletics erakundearen Label Road Races zigilua izango du maratoi erdiak. Haren antolatzaileek adierazi dutenez, Euskal Herrian aipamen hori duen proba bakarra da Azpeitia eta Azkoitian egiten dena.

Aurtengo edizioak iazko lelo bera izango du: "Lerro hauen bidez, aurtengo leloak dioen bezala Aupa Zu! oihua egin nahiko genuke, garai zail hauetan, egoera larriren bat bizitzen ari den orori animoak emanez".

Bestalde, probaren bitartez Alejandro Gomez korrikalaria omendu nahi dute, joan zen urteko urtarrilaren 31n hil baitzen lasterkari zena. Honako lotura honetan irakur daiteke Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiko antolatzaileek haren omenez idatzitako gutuna, eta beste honetan ikus daitezke, Diego Garciari, Ione Basterrari eta Alejandro Gomezi joan zen apirilean egindako omenaldiko irudiak.

Azken edizioa, birtuala

Koronabirusak eragindako pandemia tarteko, joan zen martxoan egitekoa ziren XXVIII. Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia birtualki egin behar izan zutenImanol Inza eta Nerea Azpiazu izan ziren probaren edizio hartako garaileak. 2020koa, berriz, bertan behera gelditu zen, osasun krisia indarrean zen sasoian baitzegoen aurreikusita proba egitea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide