Gaztetxoak skatean treba daitezen, bi saio ireki antolatu ditu udalak

Julene Frantzesena 2022ko ots. 9a, 12:36

Hainbat gaztetxo Eskola Kirolaren barruan egindako skate saio batean. (Azpeitiko Udala)

Larunbat honetan eta martxoaren 5ean izango dira bi saioak, 16:00etatik 18:00etara, Urola Ikastolako estalitako pilotalekuan. Kirol horretan trebatu nahi duten herritarrek skatea, kaskoa eta babes elementuak eraman beharko dituzte.

Aurki hasiko dira skate parke berria egiten herrian, eta Azpeitiko Udalak kirol horretan trebatzeko gaztetxoei zuzendutako bi saio ireki antolatu ditu. Larunbat honetan eta martxoaren 5ean (zapatua) izango dira bi saioak, 16:00etatik 18:00etara bitartean, Urola Ikastolako estalitako frontoian. Kirol horretan trebatu nahi duten herritarrek skatea, kaskoa eta babes elementuak eraman beharko dituzte.

Udalak azaldu duenez, gaur egun gero eta haur nahiz gazte gehiago aritzen da patinetan nahiz skatean, eta kirol horren hastapenetan "lagungarri" izateko xedez antolatu ditu bi saioak.

Bestalde, erakundeak gogorarazi du Eskola Kirolean ere egin izan dituztela skate saioak. Hain zuzen ere, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako ikasleek lehen zapatuan izan zuten kirol horretan trebatzeko aukera. Gainera, Eskola Kirol programaren baitan, Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailetako ikasleek martxoaren 5ean eta 12an skatean aritzeko aukera izango dutela aurreratu du.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide