Literaturzaleek bi hitzordu izango dituzte datozen asteetan Udal Liburutegian

Julene Frantzesena 2022ko ots. 10a, 11:20

Literatura solasaldi bateko irudia. (Udal Liburutegia)

Gaztetxoei zuzendutako Irakurleen Txokoko hurrengo saioa otsailaren 23an izango da, eta Printze txikia liburua landuko dute bertan. Helduen Literatura Solasaldia, berriz, martxoaren 8an izango da, eta Mendiko gaitza liburua izango dute hizpide.

Udal Liburutegiak irakurzaleentzako bi hitzordu berri jarri ditu. Hain zuzen ere, gaztetxoei zuzendutako Irakurleen Txokoko hurrengo saioa otsailaren 23an izango da, eta helduen Literatura Solasaldia, berriz, martxoaren 8an.

Irakurleen Txokoan Lehen Hezkuntzako bosgarren mailatik DBH 1. mailara arteko ikasleek parte har dezakete, eta otsaileko saioan Printze txikia liburua landuko dute. Otsailaren 23an, asteazkenez, 17:30ean hasita ariko dira liburu horri buruz solasean. Udal Liburutegiko arduradunek adierazi dutenez, hitzordura joan nahi duten gaztetxoek liburutegian eskura dezakete liburu hori dagoeneko.

Helduen Literatura Solasaldiaren hurrengo zita martxoaren 8an izango da, eta Idoia Garzesen Mendiko gaitza liburuari buruz ariko dira saio horretan. Hara joan nahi duten herritarrek ere liburutegian eskura dezakete Garzesek 2019an Zubikarai saria tarteko idatzi zuen liburua.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide