Futbol egokituko topaketa egingo dute otsailaren 20an, Azpeitian

Andoni Elduaien 2022ko ots. 12a, 09:00

Gipuzkoan zehar egindako topaketa bateko irudia. (Gipuzkoako Futbol Federazioa)

Desgaitasun fisikoa edo intelektuala duten gazteei zuzendutako futbol topaketa Garmendipen egingo dute, 12:00etan hasita. Topaketan parte hartzeko, nahitaezkoa izango da aurrez izena ematea.

Futbol egokituko topaketa egingo dute hurrengo igandean, otsailak 20, Azpeitian. Gipuzkoako Futbol Federazioak, Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioak eta Lagun Onak futbol taldeak antolatu dute egitasmoa. Desgaitasun fisiko edo intelektuala duten 8 urtetik gorako neska-mutilei zuzendutako saioa eskainiko dute Garmendipe futbol zelaian, 11:30ean hasita.

Prestakuntza eta sentsibilizazio programa baten ondorio dira topaketak. Sustatzaileen helburua da futbolaren inguruko begirada irekiagoa eta solidarioagoa ahalbidetuko duten elkarbizitza balioak bultzatzea, kirol hori sustatuz eta desgaitasuna duten kolektiboei futbolean jarduteko aukera erraztuz. Era horretan, etorkizunean futbol egokituan edota inklusiboan modu egonkorrean parte hartzeko nahiz lehiatzeko espazio bat sortu nahi dute.

Azpeitiko topaketan parte hartu nahi dutenek nahitaez eman beharko dute izena. Horretarako, Gipuzkoako Futbol Federazioaren fgf@escuelaentrenadores.com helbide elektronikora idatzi beharko da. 2021-22 denboraldian, zortzi topaketa egingo dituzte Gipuzkoako bailara desberdinetan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide