Boluntarioak behar dituzte Domusa Teknik 40 MLK mendi lasterketarako

Anartz Izagirre 2022ko ots. 11a, 10:19

Hernio mendia.

Prestaketa lanetan buru-belarri dabiltza antolatzaileak, eta lasterketaren egunerako boluntarioen beharra dutela jakinarazi dute. Laguntzeko izena eman nahi dutenek hiru modu dituzte horretarako: eskaera-orria beteta, QR kode bidez edo Mendizaleen tabernara joanda.

Lagun Onak Mendi Bazkunak Domusa Teknik 40 MLK mendi lasterketa antolatu du maiatzaren 14rako, eta antolatzaileek probaren egunerako boluntarioak behar dituztela jakinarazi dute. Laguntza lasterketaren zein puntutan eta zein ordutan behar duten ere azaldu dute: Azpeitia eta Komizolatza artean 07:00etatik 10:00etara; Komizolatza eta Trintxera artean 08:00etatik 12:00etara; Trintxera eta Mandubia artean 09:00etatik 12:00etara nahiz 12:00etatik 15:00etara; Mandubia eta Pagotxeta bitartean 09:30etik 13:00etara nahiz 13:00etatik 16:30era; Pagotxeta eta Ikasberri artean 11:00etatik 14:00etara nahiz 14:00etatik 17:00etara eta Ikasberritik Azpeitiko plaza bitartean 11:30etik 14:30era, 14:30etik 17:30era eta 17:30etik 20:30era.

Bestalde, antolatzaileek nabarmendu dute boluntarioei asegurua egingo dietela lasterketaren egunerako, eta probaren kamiseta oparituko dietela; otsailaren 23a baino lehen izena ematen duten boluntarioek eskatutako neurriko kamiseta izango dute. Horrez gain, denen laguntza "ongi etorria" izango dela azpimarratu dute, eta hiru modu jarri dituzte boluntariotzan izena emateko: ondorengo lotura honetako eskaera-orria beteta, QR kode bitartez edo Mendizaleen tabernara joanda.

Datorren maiatzaren 14an, larunbata, izango da 65 kilometroko ibilbidea duen eta 3.700 metroko maldadun 40 Miliak proba. Ibilbidea zehaztuta dute dagoeneko probaren antolatzaileek; Azpeititik 08:00etan abiatuko dira parte hartzaileak, eta Arroitatik, Sañutik, Gazumetik, Herniotik, Murumenditik, Izazpitik, Hiruharrietatik, Izarraizko Atea parketik nahiz Xoxotetik igaroko dira. 24 ordu baino gutxiagotan agortu ziren probarako jarri zituzten dortsal guztiak, eta 400 korrikalari baino gehiagok parte hartuko dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide