Jan hondarren irakasgaia

Gipuzkoako Hitza 2022ko ots. 11a, 13:18

Azpeitiko Iraurgi Ikastetxean zaborrontzia ez den beste irtenbide bat aurkitu diote jangelan sobran duten janariari: herriko plazan utziko dute, nahi duenaren eskura. Mailo Oiarzabal kazetariak egindako Zero Zabor Hozkailua egitasmoaren gaineko erreportajea dakar gaurko Gipuzkoako Hitza egunkariak.

Pure pixka bat, babarrun gorri dezente eta haragi bolak saltsan, bi errazio besterik ez. Dozena bat pasa tuper, ohi baino gehixeago. Horiek dira gaur zortzi Azpeitiko Iraurgi ikastetxeko jangelan sobran gelditu zitzaizkienak, eta Alaitz Astigarragak eta Maddi Eizmendik jangelatik Azpeitiko Azoka Plazaren atarian kokatutako hozkailu handira eraman zituztenak. Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleak dira Astigarraga eta Eizmendi, eta maila horretako ikasleen ardura da astero, astelehenetik ostiralera, beren ikastetxeak ikasturte honetan martxan jarri duen Zero Zabor Hozkailua egitasmoko doako banaketa makina elikatzea.

"Herriari zerbitzu bat emateko helburutik abiatuta" landu dute egitasmoa Iraurgin, Aitor Cordoba ikastetxeko zuzendariaren esanetan, eta ikastetxeko jangelan zerbitzatu gabe gelditzen den janaria dago Zero Zabor Hozkailuaren oinarrian. "Lehen, agian, ez ginen hainbeste jabetzen zenbat janari sobratzen zitzaigun. Orain, bai sukaldariak, bai ikastetxeak, badakigu egunero batez beste zortzi-hamar errazio gelditzen direla zerbitzatu gabe, soberakin handiena lehen plateretatik eratorritakoa izaten dela, eta gainerakoetatik askoz gutxiago sobratzen dela. Jangelan erabiltzen dugun janari kantitatean doikuntzak egiteko ere ondo etorri zaigu", dio Cordobak, egitasmoaren lehen hilabeteetan ikasten ari direnaz hausnartzean.

Elikagaien xahuketa eragoztea, hondakin gutxiago sortzea eta janaria behar edo nahi duen edonoren eskura jartzea dira Iraurgiren proiektuaren hiru helburu nagusiak. Aurreko ikasturtean garatu zuten asmoa, Rexcatering enpresarekin lankidetzan, eta joan den udazkenetik martxan da egitasmoa, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Azpeitiko Udalaren babesa eta diru laguntzak jaso ondoren; horiei esker erosi dituzte plazan jarri duten makina eta han banatzen duten janaria behar bezala ontziratzeko zein kontserbatzeko beharrezko tresneria.

Iraurgi ikastetxean, jangelan eta haur eskolan, 120 bat otordu ematen dituzte egunero. Zero Zabor Hozkailua martxan denetik, jangelako sukaldariak ontziratuta uzten du zerbitzatu gabe utzi duten janaria, eta LH6ko ikasleek, taldeka eta txandaka, ontzi horiek zenbatu, etiketatu eta plazako hozkailu handira eramaten dituzte, eskuko hozkailuetan. Ikasleek "gustura" egiten dituzte lan guztiak. "Jendeak guk jarritako janaria etxera eramaten duelako eta emaitza momentuan ikusten dugulako". Lau egun baino gehiago makinan daramatzaten ontziak erretiratzea ere badago ikasleen arduren artean, baina halakorik inoiz ez zaiela gertatu diote ikasleek eta zuzendariak.

Jarraitu erreportajea irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren webgunean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide