Pandero ikastaroa emango dute otsailaren 26an Basazabal jauregian

Ihintza Elustondo 2022ko ots. 13a, 09:00

Iraide Ansorenak gidatuko du saioa, eta perkusio instrumentu ezberdinak nahiz horien aldaerak landuko dituzte saioan. Parte hartu nahi dutenek aurrez eman behar dute izena.

Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak Azpeitiko Udalaren laguntzarekin antolatuta, pandero ikastaroa izango da otsailaren 26an, larunbatez, Azpeitian. Iraide Ansorenak gidatuko du saioa; Musikenen perkusio gradua egina da, eta Khami eta Alboka folk taldeetako kidea. Perkusio instrumentu ezberdinak eta horien aldaerak irakatsiko ditu saioan. Era berean, beste hainbat gauza landuko dituzte: panderoen ikuspuntu eta teknika ezberdinak, pandero karratu eta panderoaren arteko erritmoak nahiz panderoaren eta perkusio osagarrien konbinaketa.

Ikastaroan parte hartu nahi dutenek aurrez eman behar dute izena: otsailaren 23a, asteazkena, izango da horretarako azken eguna, eta trikitixa@trikitixa.eus helbidera idatzi behar da. Basazabal jauregian emango dute tailerra, 10:30etik 13:00etara bitartean. Saioan parte hartzeko 25 euro ordaindu beharko da; Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko bazkide direnek, berriz, %15eko deskontua izango dute.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide