Berdinketa eta porrota, Lagun Onaken talde nagusientzat

Mailo Oiarzabal 2022ko ots. 13a, 10:00

Lagun Onaken hasierako hamaikakoa atzo, Hernaniren kontrako partidaren atarian. (Lagun Onak)

Emakumeen Ohorezko Erregional mailako taldeak bana berdindu du Garmendipen Hernanirekin, eta Espainiako Hirugarren Mailako gizonen taldeak 2 eta 1 galdu Beasainen.

Lagun Onak futbol klubeko talde nagusiek sari urria lortu dute asteburu honetan. Atzo jokatu zuten biek: Garmendipen, Emakumeen Ohorezko Erregionaleko taldeak bana egin zuen Hernaniren kontra, partidaren minutu gehienak bat gutxiagorekin jokatu ondoren. Espainiako Hirugarren Mailan, berriz, Lagun Onaken gizonen talde nagusia esku hutsik itzuli zen Beasaindik, 2 eta 1 galduta.

Sailkapeneko laugarren taldea hartu zuten atzo arratsaldean Garmendipen Unai Urbizuk zuzendutako jokalariek. Neurketa ondo hasi zen Lagun Onakentzat, 14. minutuan markagailuan aurrea hartzea lortu baitzuten azpeitiarrek, Nairak kontraerasoko jokaldia ederki borobildu ondoren. Hamar minutura itzuli zen berdinketa, Hernanik 1 eta 1eko egin baitzuen 24. minutuan. Berriro hasi behar garaipenaren bila, baina 30. minutuan bat gutxiagorekin gelditu ziren etxekoak: Eguzkiñe Peñari bi txartel hori atera zizkion jarraian epaileak 30. minutuan. Hortik atsedenaldira ordu laurdena, eta beste 45 minutu atsedenaldiaren ondoren. 60 minutu aurretik eta aurkari zaila aurrean, baina lan ona egin zuen Lagun Onakek, markagailua ez zen mugitu, eta aho zapore oneko puntua batu ahal izan zuten amaieran azpeitiarrek.

Hemeretzi jardunaldi jokatuta, sailkapenaren erdi aldean jarraitzen du Lagun Onakek, zortzigarren postuan. Datorren asteburuan irteera zaila dute, bigarren tokian den Beti Gazteren zelaian jokatu beharko baitute.

Saririk gabe

Irteera zaila, halaber, Lagun Onaken gizonen talde nagusiak atzo izan zuena. Beasain hirugarrena da Espainiako Hirugarren Mailaren laugarren multzoa, eta Azpeitiko taldeak jaitsierako postuetatik ihes egin ezinda jarraitzen du. Minutu askotan lan txukuna egin zuen atzo Lagun Onakek Loinazen, baina ez zen nahikoa izan punturen bat eskuratzeko.

Lehen zatian indarrak nahiko parekatuta egon ziren, baina garesti ordaindu zuen Ander Avellanedaren taldeak atzean egindako huts egite bat; Beasainek ez zion aukerari muzin egin eta 1 eta 0koa lortu zuten etxekoek 36. minutuan. Atsedenaldiaren ondoren oso ondo ekin zion jokoari Lagun Onakek, eta bigarren zati hasierako lan onak saria izan zuen, Jagoba Erdoziak banakoa egin baitzuen 70. minutuan. Pozak gutxi iraun ziien, ordea, azpeitiarri; zortzi minutu geroago, jokaldi ona lotu, eta 2 eta 1ekoa egin zuen Beasainek. Hamar minutu pasatxo zituen Lagun Onakek bigarren aldiz berdinketa bilatzeko, baina nahi eta ezinean aritu zen Azpeitiko taldea.

26. jardunaldia osatuta, 25 punturekin eta hamazazpigarren postuan jarraitzen du Lagun Onakek, eta orain lau puntura du jaitsieratik libratzen den lehen tokia, hamalaugarrena. Aste erdian jokatuko dute ligako 27. jardunaldia, datorren asteazkenean, eta beste aurkari gogor bati egin beharko dio aurre Avellanedaren taldeak: Alaves B hartuko du Garmendipen Lagun Onakek, sailkapeneko bigarrena, alegia. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide