Epailearen esku utzi dute atzoko lapurretak tarteko atxilotutako pertsona

Ihintza Elustondo 2022ko ots. 14a, 15:08

Enparan kaleko belar denda, atzo goizean.

Herriko hiru saltokitan lapurreta saiakerak izan ziren atzo, eta gertaeren harira, pertsona bat atxilotu zuten. Ertzaintzak jakinarazi duenez, 21 urteko gizona da atxilotutako pertsona, eta polizia aurrekariak ditu. Epailearen esku utzi dute, "indarra erabiliz egindako lapurretak" leporatuta. 

Lapurreta saiakerak izan ziren atzo herriko hainbat gunetan, hedabide honek jakinarazi zuenez. Zehazki, Soreasuko Elkargunean, Enparan kaleko belar dendan eta Julian Elorza kaleko tatuaje estudioan egin zituzten saiakerak. Ertzaintzak gaur kaleratu duen oharrean zehaztu duenez, herritar bat Ertzaintzarekin harremanetan jarri zen atzo 08:00 aldera, pertsona bat Alde Zaharreko denda baten atearen kristala hautsi nahian ari zela esanez. Gertaeren lekura bertaratu zen Ertzaintza, eta "dendako beira hautsita zegoela eta odol arrastoak zituela" egiaztatu ahal izan zuen. Era berean, ohartu ziren inguruko beste bi gunetan ere lapurreta saiakerak izan zirela adierazten zuten "zantzuak" zeudela. 

Horren aurrean, ingurua miatzea erabaki zuen Ertzaintzak, Azpeitiko Udaltzaingoarekin elkarlanean. Laster aurkitu zuten Ertzaintzara abisu emanez deitu zuen pertsonak azaldutako ezaugarriekin bat egiten zuen gizon bat. Susmagarriak "ebakiren bat edo beste" zituen eskuetan, eta Ertzaintzaren arabera, "saltokien kristalak haustean" egin ahal izan zituen zauri horiek. Beharrezko frogak egin ondoren, atxilotu egin zuten gizona, "indarra erabiliz egindako lapurretak" leporatuta.

Atxilotutakoa 21 urteko gizona da, eta polizia aurrekariak ditu. Ertzain etxera eraman zuten beharrezko eginbideak betetzeko, eta gaur, astelehena, utzi dute poliziek epailearen eskuetan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide