Batzordekide berrien bila ari da Baigera jubilatuen elkartea

Ihintza Elustondo 2022ko ots. 14a, 16:19

Batzordekide izan nahi dutenek Baigeraren lokalean eman behar dute izena.

Izurria tarteko, azken bi urteotan ezin izan dute batzar orokorra egin, eta batzordekide gehienak beren jardunaren epealdia bukatzear daude. Horregatik, elkarteko kideek uste dute beharrezkoa dela erreleboa, "ideia eta proposamen berriekin batzordea aberasteko". 

Baigera jubilatuen elkartea batzordekide berrien bila ari da. Izan ere, elkartearen estatutuek diote batzordekideek bi edo lau urteko jarduna izango dutela, baina COVID-19aren izurria tarteko, azken bi urteetan ezin izan dute batzar orokorra egin, eta batzordekide gehienak beren jardunaren epealdia betetzear daude. Horregatik, elkarteko kideek uste dute beharrezkoa dela erreleboa, "ideia eta proposamen berriekin batzordea aberasteko".

"Lanerako gogoa duen jendea" behar dutela nabarmendu dute Baigerako kideek: "Administrazioaz eta diru kontuez arduratuko den norbait komeni zaigu, teknologia berriak menperatzen dituena, euskaraz idazten dakiena, edo besterik gabe, talde lanean lagundu nahi duena. Denak izango dira ongi etorriak".

Datozen asteetan jendea Baigerara izena ematera joatea nahi dute elkarteko ordezkariek, ondoren, kide berri horiek batzar orokorrean aurkezteko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide