Karnabaletarako atzera kontaketa hasiko zuten dagoeneko herritar batek baino gehiagok, eta udalak jakinarazi duenez, asteburu honetan motorrak berotzeko aukera izango da. Izan ere, datozen egunetan hasiko dira festa horiei dagozkien ekintzak. Hain zuzen ere, ohikoa den moduan, kaldereroek iragarriko dituzte karnabalak, larunbatean –otsailak 19– egingo duten kalejiraren bidez. Urtebeteko etenaren ostean, beraz, trapu zaharrak kalera atera eta zartaginak astindu ahal izango dira aurtengoan.
19:00etan hasiko da kaldereroen kalejira, Artzubian. Handik San Martin egoitzaren parera joango dira, eta han abestu ostean, Alde Zaharrean barrena egingo dute kalejira: Goikokale, plaza nagusia, Enparan kalea, Erdikalea eta Donejakue zeharkatuko dituzte, eta plazan amaituko dute ibilbidea. Kalejira horretan zehar, Trapu zaharrak eta Kalderero martxa joko dituzte.
Kontzertuak eta eski simuladorea
Era berean, larunbatean bertan, 21:00etan hasita, Kaos Urbano eta State Alerta taldeen punk eta oi! doinuak entzuteko aukera izango da, Sanagustin kulturgunean.
Igandean, bestalde, karnabaletako kontzertua emango dute Udal Musika Bandak, Julian Barrenetxea abesbatzak, Banda Gazteak eta Juan Antxieta musika eskolak, 12:30ean, Soreasu antzokian. Inauterietako kantuak entzuteko eta festa horietako argazkiak ikusteko aukera izango da emanaldian. Ondoren, kalejira egingo du Udal Musika Bandak.
Igandean bertan, gainera, eski simuladorea izango da plazan, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara bitartean, eta Sanagustinen, berriz, giroko argazkiak jarriko dituzte ikusgai.
Azpeitiko Udalak gogorarazi du "herritar guztien osasuna babesteko segurtasun eta prebentzio neurriak betetzea beharrezkoa" izango dela ekintza horietan.