Gau Txori rallya ere bueltan da

Julene Frantzesena 2022ko ots. 16a, 09:11

Gau Txori rallyan banatzen dituzten garaikurrak. (Azpeitiko Argazki Elkartea)

Datorren zapatuan izango da Azpeitiko Argazki Elkarteak antolatutako gaueko argazkien lehiaketa, 19:00etatik 01:00etara. Egunean bertan eman ahalko da izena. Bestalde, sokamuturraren bueltako lehiaketa egin ala ez laster erabakiko du elkarteak.

2021eko etenaren ostean, datorren zapatuan, otsailaren 19an, egingo dute Gau Txori argazki rallyaren hamabigarren edizioa. Azpeitiko Argazki Elkarteak antolatzen du egitasmoa, eta dagoeneko jakinarazi ditu aurtengo hitzorduaren nondik norakoak.

Memoria txarteldun kamera digitala duen edonork parte har dezake lehiaketan, eta izen-ematea rallyaren egunean bertan egin beharko dute parte-hartzaileek; 19:00etatik 20:00etara izango da horretarako aukera argazki elkarteak Dinamoa sormen gunean duen egoitzan. Parte-hartzaile bakoitzak hamar euro ordaindu beharko ditu.

Argazkilari bakoitzak bere txartela hutsik eraman beharko du rallyra, eta argazkiak Azpeitian atera beharko dituzte, zuri-beltzean edo koloretan. Gainera, JPG formatuan egin beharko dituzte argazkiak, eta horiek ahalik eta kalitate onena izan beharko dute.

Rallya 01:00etan bukatuko da: argazkilariek ordu horretarako hustu beharko dituzte argazki txartelak argazki elkartearen egoitzan. Argazkilari bakoitzak, gehienez, 36 argazki aurkeztu ahal izango ditu, kontroleko argazkia barne, eta antolatzaileek adierazi dutenez, irudiak ezingo dira manipulatu.

Otsailaren 24rako

Argazki elkarteak jarriko ditu rallyrako gaiak, eta parte-hartzaileek horiek ardatz hartuta atera beharko dituzte argazkiak. Ondoren, otsailaren 24a baino lehen, rallyan jarriko dieten gai bakoitzeko argazki bat aukeratu eta argazkiakaae@gmail.com helbide elektronikora bidali beharko dituzte, partaidearen zenbakia eta argazkiaren zenbakia adierazita.

Epaimahaiak argazkien berezkotasuna, sormena eta teknika hartuko ditu kontuan puntuak ematerakoan, eta hainbat sari banatuko dituzte aurtengo edizioan ere. Bilduma onenaren egileak 150 euro eta garaikurra jasoko ditu; bigarren sailkatuak, berriz, ehun euro eta garaikurra eskuratuko ditu; eta hirugarrenak, 70 euro eta garaikurra. Herriko lehen ez sarituarentzat garaikurra izango da, gainera.

Elkarteak ez du aurreratu noiz jakinaraziko dituen saridunen izenak, ezta sari banaketa ekitaldia noiz egingo duen ere

Karnabalen zain

Gau Txori Rallya bezala, Karnabal jaietako sokamuturraren irteeretan oinarritutako argazki lehiaketa 2020an egin zuen azken aldiz Azpeitiko Argazki Elkarteak.

COVID-19aren pandemiak eragindako etenaren ondoren, aurten berriro ospatuko dira karnabalak Azpeitian. Hala iragarri zuen joan den ostiralean udalak. Hurrengo egunean, berriz, Zezen Beltz elkarteak karnabalen barruan sokako zezena ere Azpeitiko kaleetara itzuliko dela iragarri zuen.

Hala ere, atzo arte behintzat jaietako egitarauaren berri eman gabe zegoen udala, eta horren zain zeuden argazki elkartekoak, sokamuturraren bueltako lehiaketa egin ala ez erabakitzeko. Karnabalak normaltasunez egitekotan, sokamuturrari eskainitako argazki lehiaketa ere antolatzea da elkartekoen asmoa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide