Zuhaitz Eguna egingo dute igandean

Ihintza Elustondo 2022ko ots. 15a, 17:13

2020ko Zuhaitz Eguneko irudi bat.

Guztira, 65 zuhaitz landatuko dituzte, Ekoetxea inguruko ibai ertzean. Ekintzan parte hartu nahi dutenek 10:30erako Ekoetxeara azaldu beharko dute.

Zuhaitz Eguna egingo dute igandean, otsailak 20, Ekoetxea inguruko ibai ertzean. Zehazki, Loiolako Inazio etorbidean, Urola ibaiaren beheko pasealekuan landatuko dituzte zuhaitzak; igerileku ondoko zubitik Loiolarako zatian. Familiei zuzendutako ekintza izango da, eta 10:30ean jarri dute hitzordua, Ekoetxean bertan. 12:30 arte ariko dira zuhaitzak landatzen, eta ekintzan parte hartu nahi dutenek ez dute aurrez izena eman beharrik; nahikoa izango da bertara azaltzea.

Guztira, 65 zuhaitz landatuko dituzte; zehazki, hogei haltz (Alnus Glutinosa), hogei lizar (Fraxinus Excelsior), bost haritz (Quercus Robur), hamar erramu (Laurus Nobilis), bost intsusa (Sambucus Nigra) eta bost hurritz (Corylus avellana). Aurtengoan, bertako zuhaitzak landatzeaz gain, gainera, landare inbaditzaileak kentzea ere bada ekintzaren helburua. Lanak amaitzean, mokadua izango da parte hartzaileentzat. 

Azpeitiko Udalak eta Ekoetxeak elkarlanean antolatutako eguna da Zuhaitz Eguna, eta herriko ikastetxeen, eragileen eta herritarren parte hartzearekin egin ohi da. Udalak herritarrak animatu ditu ekintzan parte hartzera: "Herritarrak bertan parte hartzera gonbidatu nahi ditugu, familian zein lagun artean goizaz gozatzeko", adierazi du Aitor Bereziartua Ingurumen zinegotziak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide