Pili Zabalak, Maria Jauregik eta Idoia Zabalzak mahai ingurua eskaini zuten atzo, asteartea, Azpeitiko Basazabal jauregian. Javi Buces Aranzadi zientzia elkarteko historialariak gidatu zuen saioa, eta Egia, justizia eta erreparazioa: hiru bizipen memorian izenburupean aritu ziren solasean hiru lagunak. Giza eskubideen urraketen biktimak dira hirurak: ETAk hil zuen Juan Mari Jauregi Gipuzkoako gobernadore zibil ohiaren alaba da Maria Jauregi; Idoia Zabalza Intxaurrondoko (Donostia) Guardia Zibilaren kuartelean tortutatuta hil zen Mikel Zabalzaren arreba da; eta Pili Zabala, berriz, GALek hil zuen Joxi Zabalaren arreba.
Egia, justizia, erreparazioa eta giza eskubideen urraketak ez errepikatzeko bermearen printzipioak aintzat hartuta, ernamuinetan sentitzen dutena azaldu zuten hiru emakumeek Basazabalgo saioan. Era berean, beren familietan jazotakoari eta "kontakizunaren gerrari" aurre nola egin zioten ere azpimarratu zuten.
Jauregik hartu zuen lehen hitza, eta momentu "oso gogorrak" bizitzea egokitu zitzaiola adierazi zuen. "Une horietan ez da ulertzen zergatia, eta buruari galdera asko egiten zaizkio. Etxean erakutsi dizkidaten balioei esker, ordea, ez dut inoiz mendeku grina sentitu. Poliki-poliki gauzak ulertzeko saiakera egin dut, eta aurrera jarraitzea lortu dut". Zabalak, berriz, beren bizitzako "tragedia" kontatzea zeinen zaila den nabarmendu zuen. "Behartutako desagertzea izan zen gure anaiarena, eta hori ez da edozein delitu mota". Dimentsio txikiko "gerra batean" bizi izan direla sinetsita, uste du ez dagoela bere anaiari gertatutakoa defendatzeko justiziarik. Zabalzak, bere aldetik, "sentimendu saltsan" murgilduta jarraitzen dutela adierazi zuen. "Sentimendu berberekin jarraitzen dugu oraindik. Kasuak argitu gabe jarraitzen du. Badugu argituko denaren itxaropena, baina hunkiturik, ezindurik eta sumindurik gaude oraindik".
Printzipioak hizpide
Bucesek lau printzipioak banan-banan mahaigaineratu zizkien hizlariei. Egia jakiteko zein bide urratu dituzten galdetu zien lehenik. Jauregiren familiak, esaterako, Nanclares bideko topaketetan parte hartu izan du. "Beharrezkoa da egia jakitea zauriak itxi ahal izateko, eta topaketek aukera ematen dute buruan dituzun gauzak zuzenean biktimarioari galdetzeko". 1995ean identifikatu zituzten Joxean Lasaren eta Joxi Zabalaren gorpuak, eta harrezkero hasi zen Zabalaren familia "egia partziala" ezagutzen. Halere, beti "horma baten aurka jo" izan dutela nabarmendu zuen Joxiren arrebak. "Sekretu ofizialaren 1968ko legea dago indarrean, lege frankista, eta horrek ez du uzten ikertzen". Zabalzari, berriz, "huts" egiten dio egiaren printzipioak. "Zenbait testigantzari esker hurbildu gara gertatutakora, baina ez gehiago. Lau printzipio horiek guretzat teoria izan dira, praktikan inoiz ez baita eskubidea izan".
Justiziaren adarra ukitu zuten ondoren hiru emakumeek; printzipio horretan sakondu zuten gehien. Zabalak hartu zuen hitza lehenik: "Guk justizia penala izan dugu, baina hori justizia iraunkor bihurtu da; izan ere, inpunitatearen jarraipena da zigortuei emandako tratua". Hala eta guztiz ere, Zabalak adierazi zuen justizia erreparatzailearen bidea ere hartu dutela, eta Intxaurrondo nahiz La Cumbre jauregia bisitatu izan dituela. Jauregiren familiak ere bide bera urratu du: "Mina arintzeko, mesedegarriagoa da justizia erreparatzailea". Idoia Zabalzari, ostera, "oso urrun" gelditzen zaizkio Jauregiren eta Zabalaren kasuak, "justizia beti izan da ametsa" zabalzatarren etxean. "Egia jakiteko helburuarekin eta justizia egiteko asmoarekin egin dugu bidea. Audio batzuk ere zabaldu ziren, eta mundu guztiak hori froga gisa ulertuko luke. Epaileak, ordea, audioetako hizlaria benetan nor den jakiterik ez dagoela esan zuen. Nola deituko dute inor, ez badute agerikoa den dokumentu bat frogatzat hartzen?".
Erreparazioaren eta berriz ez gertatzeko bermearen inguruan hitz egin zuten mahai inguruaren amaieran Zabalak, Jauregik eta Zabalzak. "Garaian garaiko" aitorpena izan zutela nabarmendu zuten hirurek, bai sozialki eta bai erakundeen partetik. "Gu biktima absolutu egiten gaituen ideiak eraman gaitu gainerako biktima guztiak ere absolutuak direla pentsatzera", nabarmendu zuen Zabalzak. Egia, justizia eta erreparazioa izateak "tragedia berriz ez errepikatzeko" balio duela uste du, berriz, Zabalak. "Gertatu zitzaigunaren aurretik pertsona batzuk ginen, eta ondoren, beste batzuk bilakatu gara, bizipen horrek gure giza garapena baldintzatu baitu. Gizarteak ezagutu egin behar ditu gure bizipenak, memoria partekatu batera iritsi nahi badugu, egia jakin behar da-eta lehenik".
Kontakizunak "pisu handia" duela irizten diote. "Partekatutako memoria lortzea garrantzitsua da; ezin dira urraketa bakar batzuk kontatu eta beste batzuk ahaztu. Argi dago interes desberdinak daudela, eta giza eskubideen urraketa guztiak ez direla modu berean kontatzen. Arlo juridikoari arlo politikoari baino indar handiagoa eman behar zaio. Historia giza eskubideen ikuspuntutik aztertu behar da, politikotik ez baikara inoiz ados jarriko", esan zuen Zabalak.