Garaipen garrantzitsua, sailkapenerako nahiz animoak igotzeko

Ihintza Elustondo 2022ko ots. 17a, 10:08

Lagun Onakek denboraldi honetan etxean jokatutako partida bateko irudia.

Lagun Onaken gizonezkoen talde nagusiak Alaves B hartu zuen atzo etxean, eta 1 eta 0 gailendu zen Azpeitiko taldea. Jagoba Erdozia izan zen goleatzailea.

Lagun Onak futbol klubaren Espainiako Hirugarren Mailako taldeak ligako neurketa jokatu zuen atzo, asteazkena, Garmendipe futbol zelaian. Alaves B hartu zuen Azpeitiko taldeak etxean, eta sekulako partida jokatuta, garaipen garrantzitsua erdietsi zuen Lagun Onakek: 1 eta 0 gailendu zen, hain zuzen ere.

Merezitako garaipena eskuratu zuen Lagun Onakek, partida oso ona jokatu baitzuen talde osoak. Aukera bat baino gehiago izan zituzten neurketa osoan zehar. Lehen zatian, esaterako, Manexek zutoinera bidali zuen baloi bat. Era berean, bigarren zatian, Keparen pase baten ostean, sekulako aukera izan zuen Donazarrek. Dena den, geroago iritsi zen partidako lehen eta azken gola: Manex area barruan sartu zen, atzera egin zuen pasea, eta Jagoba Erdoziak atera bidali zuen baloia. Amaieran, sufritu zuen Lagun Onakek, baina lortu zuten garrantzitsuena: partida irabaztea.

Horrenbestez, hiru puntu poltsikoratu zituen atzokoan Lagun Onakek. Sailkapenerako ez ezik, psikologikoki ere ezin hobeto etorriko zaie garaipena, aspaldian partidarik irabazi ezinda ari baitziren. Une honetan, 28 punturekin, sailkapenaren hamabosgarren postuan da taldea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide