Ia ezustean, baina Emakumezkoen Eusko Label Binakako Pilota Txapelketaren lehen edizioaren finalaurrekoak jokatuko ditu Oihana Orbegozok bihar Amurrion (Araba).
Etxeberriarekin osatu zuen bikotea Orbegozok –Iraeta izenarekin ari da jokatzen txapelketa, pilotari guztiak beren amen abizenekin ari baitira lehiatzen– txapelketa hasi zenean. Sailkapen ligaxka partidarik irabazi gabe amaitu ondoren, txapelketatik kanpo gelditu ziren Etxeberria eta azpeitiarra, baina azkenean, ez zen hor bukatu Orbegozoren ibilbidea Ados Pilotak antolatu duen emakumeen lehen txapelketa profesionalean: eskuetako arazoekin hainbat partida huts egin dituen Ezeizaren tokia hartuta, Kortazarrekin jokatu zuen ligaxkako azken neurketa Orbegozok, baita aurreko asteburuko final laurdenetakoa ere; eta hura irabazita, bihar finalaurrekoa jokatuko du. 17:00etan hasiko da larunbateko jaialdia, eta gaur aukeratu dute biharko neurketetarako materiala, Amurrion bertan.
Ez dute edonolako bikotea izango aurrean bihar Kortazarrek eta Azpeitiko atzelariak. Iturriagak eta Egañak txapelketan orain arte jokatu dituzten partida guztiak irabazi dituzte, eta beraiek izango dira Amurrioko jaialdian jokatuko den lehen mailako lehen finalaurrekoa irabazteko faboritoak. Finalera iristea "zail ikusten" duela aitortu du Orbegozok, baina horrek ez du esan nahi etsita dagoela. "Beraiek izan dira orain arteko bikote indartsuena, baina hain juxtu Kortazarren-eta kontra jokatu zutena izan zen beraientzat partidarik estuena", gogoratu du.