Dualean euskararen erabilera indartzeko egindako lana aitortu diote Astigarraga Kit Line enpresari

Andoni Elduaien 2022ko ots. 19a, 12:51

Aitor Gil -eskuinetik laugarrena-, gainerako sarituak eta aldundiko ordezkariak. (Ikaslan)

LH DuaLa Euskaraz egitasmoan parte hartu duten Gipuzkoako zenbait lantokiri aitortza egin diete Bergaran. Besteak beste, Azpeitiko Astigarraga Kit Line enpresaren lana aitortu dute.

LH DuaLa Euskaraz egitasmoaren aitortza ekitaldia egin zuten atzo, ostirala, Bergaran (Gipuzkoa). Gipuzkoako Foru Aldundiak euskararen erabilera zabaltzeko ahaleginean erreferenteak diren Gipuzkoako lantokiei eta Lanbide Heziketako ikastetxeei egin zien aitortza Miguel Altuna Institutuan, tartean Azpeitiko Astigarraga Kit Line enpresari.

Laneki elkartea arduratzen da Lanbide Heziketarako euskarazko baliabideez, eta harekin batera Ikaslan eta Hetel elkartekideek sustatzen dute LH-Duala Euskaraz. Helburua da Lanbide Heziketan euskarak duen balioaren kontzientzia eta jarrera piztea. Era berean, heziketa zein lana euskaraz garatzeak duen balioa ikusaraztea eta Lantokiko Prestakuntza eta Duala (LP-Duala) euskaraz egiten ari diren lantokien komunitateko esperientziak aitortzea ditu xede proiektuak. 

Lantokiek egitasmoari ematen dioten zerbitzuari ere egin zioten aitortza atzo Bergaran. Proiektua lantokian urte batean baino gehiagotan garatu izana, dualean izandako ikasleak enpresan bertan lanean geratu izana eta lantokiaren izaera anitza hartu zituzten kontuan aitortza egiteko. Azpeitiko Astigarraga Kit Line enpresaren lana nabarmendu zuten, eta Aitor Gilek hartu zuen oroigarria. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide