Apirilaren 2an jokatuko dute apustua Larrañagak eta Vicentek

Ihintza Elustondo 2022ko ots. 19a, 14:56

Vicente eta Larrañaga apustua hitzartu zuten unean, Tolosako Kantabrikon. (Ibon Errazu)

Bi aizkolariek urtarrilean itxi zuten apustua, baina orduan ez zuten zehaztu desafioaren data zehatza. Tolosako zezen plazan jokatuko dute erronka, 18:30ean hasita.

Mikel Larrañaga azpeitiarrak eta Iker Vicente nafarrak apustua jokatzea adostu zuten joan zen urtarrilean, baina orduan ez zuten zehaztu kirol probaren data zehatza. Orain jakinarazi dute apirilaren 2a, larunbata, izango dela lehiaren eguna. Tolosako zezen plazan jokatuko dute erronka, 18:30ean hasita. 1998az geroztik, txapeldun baten eta txapeldunorde baten artean jokatzen den lehen aizkora apustua izango da.

Guztira, hemezortzi enbor ebaki beharko dituzte. Vicentek hamar kanaerdiko eramango ditu, eta Larrañagak bi kanaerdiko eta sei oinbiko. Egurrak plazan jartzeaz, berriz, aizkolari azpeitiarra arduratuko da. Lanak azkarren amaitzen dituena izango da irabazlea. Kirolari bakoitzak 7.000 euro jarri ditu jokoan; hau da, orotara, 14.000 euro eskuratuko ditu garaileak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide