Euripean baina umore onez ospatu dute Zuhaitz Eguna

Ihintza Elustondo 2022ko ots. 20a, 13:10

Guztira, 65 zuhaitz landatu dituzte Zuhaitz Egunean parte hartu duten herritarrek. Loiolako Inazio etorbidean egin dute ekintza, Urola ibaiaren beheko pasealekuan.

Euripean eta aterkiak eskuan ospatu dute gaur Zuhaitz Eguna. Loiolako Inazio etorbidean landatu dituzte zuhaitzak, Urola ibaiaren beheko pasealekuan; igerileku ondoko zubitik Loiolarako zatian. Familiei zuzendutako ekintza izan da, eta hainbat lagunek parte hartu dute saioan.

Guztira, 65 zuhaitz landatu dituzte; zehazki, hogei haltz (Alnus Glutinosa), hogei lizar (Fraxinus Excelsior), bost haritz (Quercus Robur), hamar erramu (Laurus Nobilis), bost intsusa (Sambucus Nigra) eta bost hurritz (Corylus avellana). Aurtengoan, bertako zuhaitzak landatzeaz gain, gainera, landare inbaditzaileak kentzea ere bada ekintzaren helburua. Lanak amaitzean, mokadua izan da parte hartzaileentzat Ekoetxean. 

Azpeitiko Udalak eta Ekoetxeak elkarlanean antolatutako eguna da Zuhaitz Eguna, eta herriko ikastetxeen, eragileen eta herritarren parte hartzearekin egin ohi da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide