Karnabaletako kontzertua eman dute eguerdian Azpeitiko Udal Musika Bandak, Banda Gazteak, Julian Barrenetxea abesbatzak, Juan Antxieta musika eskolak eta Azpeitiko Argazki Elkarteak. Soreasu antzokian izan da emanaldia, 12:30ean hasita. Aurretik, 12:00etan, kalejira egin dute musika eskolako txilibitu jotzaileek eta bi bandek.
Emanaldiak bi zati izan ditu: lehen zatian, kaldereroetako kantak jo dituzte Udal Musika Bandako nahiz Banda Gazteko kideek, musika eskolako abesbatzako kideen doinuekin lagunduta; bigarren zatian, berriz, karnabaletako kantak izan dira nagusi, eta horiek Julian Barrenetxeako abeslariek kantatu dituzte. Gainera, emanaldi guztian zehar, argazki elkarteko kideek inauterien aurreko edizioetan ateratako argazkiak ikusi ahal izango dira pantailan.
Honako hau da Soreasun eskaini duten emanaldian entzun ahal izan diren doinuen zerrenda:
- Hungariar kanta (R. Sarriegi)
- Kaldereroen konpartsa (R. Sarriegi)
- Kaldereroen koruak II eta III (R. Sarriegi)
- Konpontzailea (J. A. Antero)
- Mazurka (R. Sarriegi)
- Trapu zaharrak (J. M. Iparragirre)
- Sasikoipetsu (J. M. Udakiola)
- Goiz-eresia (J. I. Aldalur)
- Lolita (J. I. Aldalur)
- Sarralle buru haundi (Herrikoia)
- Bihotz eritua (Herrikoia)
- Iriyarena (Herrikoia)
- Pello Bixente (Herrikoia)
- Txarri baten gibela (Herrikoia)
- Sagardo tokian (J. I. Aldalur)