Azpeitiko atletak bikain, Gipuzkoako Pista Estaliko Gazteen Txapelketan

Ihintza Elustondo 2022ko ots. 21a, 08:30

Julen Azpiazu eta Naiara Tena, Pedro Muñoz entrenatzailearekin. (Argazkia: Xeye)

Gipuzkoako Pista Estaliko Gazteen Txapelketa jokatu zuten larunbatean Donostiako Belodromoan. Urrezko dominak eskuratu dituzte Naiara Tena, Julen Azpiazu eta Nora Zubillaga azpeitiarrek.

Gipuzkoako Pista Estaliko Gazteen Txapelketa jokatu zuten larunbatean Donostiako Belodromoan. Azkoiti-Azpeitiko Xeye atletismo taldeko kideek parte hartu zuten lehian, eta emaitza bikainak lortu zituzten.

16 urtez azpikoen mailan, Ametz Sudupe azkoitiarrak brontzezko domina lortu zuen 600 metroko proban. 18 urtez azpikoen mailan, Bingen Aranbarri azkoitiarrak urrezko domina eskuratu zuen 1.500 metroko lasterketan. 20 urtez azpikoen mailan, urrezko bi domina bereganatu zituen Julen Azpiazu azpeitiarrak; 800 metroko eta 1.500 metroko probetan, hain zuzen ere. Kategoria berean, urrezko domina poltsikoratu zituen Naiara Tena azpeitiarrak 400 metroko lasterketan, eta zilarrezko domina 800 metrokoan. Adin tarte berean, Nora Zubillaga azpeitiarrak urrezko domina eskuratu zuen 800 metroko proban; Real Sociedad taldearekin lehiatu zen hura.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide