Gizonek irabazi, emakumeek galdu

Ihintza Elustondo 2022ko ots. 20a, 18:22

Lagun Onakeko gizonek Ondarroaren aurka jokatu dute gaur, eta 0 eta 1 gailendu dira. Emakumeek, bestalde, Beti Gazteren aurka jokatu zuten atzo, eta 0 eta 2 galdu zuten.

Lagun Onak futbol klubaren talde nagusiek ligako neurketak jokatu dituzte asteburuan. Gizonezkoek gaur izan dute lehia, Ondarroaren kontra, etxetik kanpo. Asko sufritu arren, partida irabaztea lortu du Lagun Onakek; zehazki, 0 eta 1 amaitu da neurketa. Aratz izan da goleatzailea; partida hasi eta berehala sartu du gola fitxatu berria den jokalariak. Hark lehen aldiz jokatu du neurketa bat hasieratik, eta ez du hasiera makala egin, beraz.

Dena den, partida txarra jokatu du Azpeitiko taldeak. Lehen zatian asko sufritu dute: aurkariek langara bidali dute baloia, Lagun Onak ez da ondo sartu partidan... Bigarren zatian hobeto aritu dira. Ondarroako jokalari bati txartel gorria atera diote, gainera, eta horrek pixka bat lasaitu ditu Azpeitiko jokalariak. Ondarroakoek ez dute lortu golik sartzerik, eta gustura itzuli dira Lagun Onakekoak Azpeitira, hiru puntu poltsikoratuta. Une honetan, 31 punturekin, hamahirugarren postuan da Espainiako Hirugarren Mailako taldea.

Emakumeen Ohorezko Erregional maialako taldeak, bestalde, ezin izan zuen irabazi atzo Beti Gazteren aurka jokatutako partida. Mastegin neurtu zituzten indarrak, eta golik gabe iritsi ziren atsedenaldira. Bigarren zatian, ordea, denbora gutxian bi gol sartu zituen Beti Gaztek, eta beraz, burumakur itzuli ziren neskak Azpeitira. Gaur-gaurkoz, 30 punturekin, sailkapenaren zortzigarren postuan da Lagun Onak.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide