Jon Alberdik Promozio mailako Binakako Txapelketaren play-offak jokatuko ditu

Mailo Oiarzabal 2022ko ots. 21a, 10:33

Jon Alberdi, artxiboko irudi batean. (Baiko)

Final laurdenetako ligaxkaren azken jardunaldian lortu dute txartela azpeitiarrak eta Uriondok, atzo Egigureni eta Galarzari 22-19 irabazita. Victor eta Gaskue izango dituzte aurkari martxoaren 4an, eta partida hori irabazten duen bikotea finalaurrekoetara sailkatuko da. Oihana Orbegozo, aldiz, Binakako Txapelketa Nagusiaren finalaren atarian gelditu da.

Jon Alberdi pilotari azpeitiarrak aurrera egin du Promozio mailako Binakako Txapelketan, eta finalaurrekoetara sailkatzeko play-offa jokatuko du Endika Uriondorekin, txapelketa honetako bere bikotekidearekin, Victorren eta Gaskueren kontra. Martxoaren 4an jokatuko dute elkarren kontra bi bikoteek Larraintzarren (Nafarroa), eta irabazleak finalaurrekoak jokatuko ditu.

Final laurdenetako ligaxka luzearen azken jardunaldiko azken unean lortu dute play-offetarako txartela Alberdik eta Uriondok. Larrazabalekin eta Salaverrirekin borroka ezin estuagoan iritsi ziren jardunaldi horretara. Ligaxkan elkarren kontra jokatutako partidetan garaipen bana zuten bi bikoteek, eta tanto bakarraren aldea Alberdik eta Uriondok: 22-15 galdu zuten azpeitiarrak eta bizkaitarrak Larrazabalen eta Salaverriren kontrako lehen neurketa, eta 22-14 irabazi, berriz, bigarrena. Txapelketan jarraitzeko aukera ematen zuen seigarren postua jokoan zutela iritsi ziren bi bikoteak azken jardunaldira. Larrazabalek eta Salaverrik galtzea, eta txapelketan jarraitzeko aukerarik gabe geldituak ziren Egiguren azpeitiarraren eta Galarzaren kontrako partida irabaztea behar zuten Alberdik eta Uriondok aurrera egiteko; hartara, bosna garaipenekin berdinduta geldituko ziren bi bikoteak, eta elkarren arteko partidetako tanteoak erabakiko zuen dena.

Horrela, play-offetara sailkatzea beren esku zutela kantxaratu ziren atzo Eibarko Astelenan Alberdi eta Uriondo, bezperan Larrazabalek eta Salaverrik Victorren eta Gaskueren kontra galdu egin zutela jakinda. Eta "dezente sufrituta", Alberdik aitortu bezala, baina lortu zuten helburua, Egiguren eta Galarza 22 eta 19 mendean hartuta; Egigureni txanponaren ifrentzua tokatu zaio txapelketa honetan.

Promozio mailako Binakako Txapelketaren egungo txapelduna da Alberdi: Salaverrirekin batera lortu zuen txapela iaz.

Oihana Orbegozo, kanporatuta

Emakumezkoen Eusko Label Binakako Pilota Txapelketan, aldiz, Oihana Orbegozo finalaren atarian gelditu da.

Ezeiza ordezkatuz, Kortazarrekin batera jokatu zuen azpeitiarrak txapelketaren finalaurrekoa joan den zapatuan Amurrion (Araba). Txapelketan jokatutako partida denak irabazi dituen Iturriaga-Egaña bikotearen kontra neurtu zituzten indarrak Kortazarrek eta atzelari azpeitiarrak, eta 22 eta 12 galdu zuten.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide