Umeen danborrada 2022

Martxoaren 13an egingo dute haurren danborrada

Mailo Oiarzabal 2022ko ots. 22a, 11:05

2020an ospatu zen azken aldiz haurren danborrada San Sebastian egunez. Orduko irudi bat da hau. (Mailo Oiarzabal)

Udalak gaur jakinarazi du sansebastianetan ospatu gabe gelditu zen festa ekitaldiaren data. Xehetasunak karnabalen ondoren ematekoak dira.

San Sebastian egunean egin ezin izan zuten haurren danborradak badu data: martxoaren 13an, igandea, egingo dute. San Sebastian jaiak eta danborradak ospatu gabe gelditu ziren joan den urtarrilean, "osasun egoera" eta harekin lotuta indarrean ziren neurri murriztaileak tarteko. Baina umeen danborrada ez zela egingo erabakitzearekin bat "konpromisoa" hartu zuten udalak eta danborrada horretako eragileek, ikasturtea amaitu aurretik "egoerak eta neurriek uzten" zutenean, egingo zela umeen danbor festa, "danborradan irteteko aukera haur guztiek izan dezaten".

"Otsailaren 14tik aurrera osasun larrialdi egoera bertan behera geratu eta indarrean zeuden neurriak indargabetu egin direla ikusita, martxoaren 13an haurren danborra egitea adostu" dute orain Azpeitiko Ikastola Ikasberriko, Iraurgi Ikastetxeko, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko, Itsasiko, Juan Antxieta musika eskolako, ikastetxeetako guraso elkarteetako eta Azpeitiko Udaleko ordezkariek.

Martxoaren 13ko danborradaren gaineko xehetasunak karnabalen ondoren ematekoak dira.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide