Menopausiaz hausnartzeko ikastaroan izena eman daiteke oraindik ere

Julene Frantzesena 2022ko ots. 22a, 11:41

Ostiralera bitartean eman ahal izango da izena Pepa Bojok martxoaren 29tik maiatzaren 31ra bitartean eskainiko duen formakuntza saioetan. Zortzi saio izango dira guztira, denak astearteetan, 18:30etik 20:00etara bitartean, Emakumeen Txokoan. 

Menopausiaz hausnartzeko ikastaroa antolatu du Emakumeen Txokoak, aurtengo Jabetze Eskolen barruan, eta erakundeak jakinarazi duenez, oraindik badago tailerrerako izena emateko aukera. Heldutasuna modu "sortzaile eta aberasgarrian" prestatzeko sortutako tailerra da, "irudi eta bizimodu aldaketei aurre egiten eta norbere burua zaintzen" ikasteko.

Menopausia garaian gertatzen diren aldaketak ezagutu dituzte parte-hartzaileek, eta horiek dituzten "zalantzak eta beldurrak" partekatu ahal izango dituzte, "ahalduntze kontzientea" helburu hartuta.

Ostiralera bitartean eman ahal izango da izena Pepa Bojok martxoaren 29tik maiatzaren 31ra bitartean eskainiko duen formakuntza saioetan, 943-15 70 55 edo 688 15 10 00 telefonoetara deituta edo emakumetxokoa@azpeitia.eus helbide elektronikora mezu bat idatzita.

Zortzi saio izango dira guztira, denak astearteetan, 18:30etik 20:00etara bitartean, Emakumeen Txokoan. Izen-ematea hogei euro ordaindu beharko dute langileek, eta langabeek eta ikasleek, berriz, 13,5 euro.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide