Kantujira taldeko kideek kantuz alaituko dituzte Alde Zaharreko kaleak gaur arratsaldean. Ostegun Gizen eguna da gaur, eta karnabal usaina nabaria da dagoeneko. Hori dela eta, pandemia aurretik karnabaletan egin ohi zuten gisan, Ostegun Gizenean kalera aterako dira Kantujirako kideak. Perez Arregi plazan jarri dute hitzordua, 19:00etan, eta herritarrei kantura animatzeko deia egin diete.
Abestiak zertxobait prestatzeko eta ahotsak berotzeko, entsegu gutxi batzuk egin dituzte. Dena den, azken urte eta hilabeteetan ezin izan dute nahi beste entseatu, osasun egoerak baldintzatuta. Dagoeneko martxa hartu dute ordea, eta orain, kanturako gogoz daude; gaur arratsaldean herriko kaleak karnabaletako abestiz eta bestelako euskal kantez alaitzeko prest.