Karnabal jaietan ere indarkeria matxistaren aurrean "jarrera aktiboa" izatera animatu nahi dituzte herritarrak Azpeitiko Udalak, Emakumeen Mahaiak eta Emakumeen Txokoak. Herriko festetan lehen ere egin izan duten bezala, indarkeria sexistarik gabeko gunea jarriko dute karnabaletan bi egunez Plaza Txikian. Jai Karnabalean 13:00etatik 16:00etara eta 20:00etatik gauerdira bitartean; eta Astelehen Karnabalean 12:30etik 15:00etara eta 22:00etatik astearteko goizeko seietara martxan egongo da indarkeria sexistarik gabeko gunea.
"Festak eduki sinbolikoz betetako espazioak dira, zeinetan gizarte egitura heteropatriaralaren ezaugarriak erreproduzitzen diren, maiz", azaldu dute Emakumeen Txokoko arduradunek. Karnabalei dagokienez, Emakumeen Txokokoen esanetan "sistema matxista, klasista eta arrazista honen elementuak askotan ageri dira gure mozorro eta ekintzetan", eta horien aurrean "hausnartzera, kontzientzia hartzera eta aurre egitera gonbidatu" eta "mozorroak eta jarrerak matxismoari, klasismoari eta arrazismoari aurre egiteko erabiltzera animatu" nahi dituzte herritarrak.
Plaza Txikiko gunean, eraso sexisten gaineko azalpenak, informazio praktikoa eta baliabideak jasotzen dituen eskuorria banatuko dute, besteak beste.