Ohi bezala, euskal inauterien jaialdia egin dute Azpeitiko Ikastola Ikasberriko ikasleek, eta iazko etenaren ostean, berriro itzuli dira Azpeitira Euskal Herriko hainbat txokotako inauterietako pertsonaiak. Jaialdia hasi aurretik San Martin egoitzan egin dute geldialditxoa, eta, ondoren, 18:30ean hasi da jaialdia.
Betiko moduan, joareak joan dira kalejira buruan, eta plazan izan dira lehen dantzak. Zanpantzarrak eta bolantak izan dira dantza egiten lehenak, eta, ondoren, parrokian, mamoxarroen txanda izan da. Horrez gain, Perez Arregi plazan eta Plaza Txikian ere izan dira ikastolako ikasleak, eta plazan egin dituzte azken dantzak: txatxoak eta sorgin dantza.
HHtik Batxilergora bitarteko ikasleek eta irakasleek parte hartzen dute jaialdian.