Festak ez du etenik Azpeitian. Gaur Astelehen Karnabala da eta goizean goizetik giro ederra nagusitu da herriko kaleetan. Urtero bezala, egunari hasiera emateko zezen txikiak eta poniak izan dira plazan, eta eguraldia lagun, hainbat herritar animatu da plazara. Horren ostean, mozorroak izan dira protagonistak; izan ere, haurrek zein helduek desfile jendetsua egin dute herriko kaleetan zehar musika bandak lagunduta, eta askotariko mozorro koloretsuak ikusteko aukera izan da. Mozorro ederrak ez ezik, zenbaitek karroza bitxiak ere atera dituzte. Aurten, ibilbidea aldatu dute, azken orduko ezbehar bat tarteko, baina kalerik kale ibili ostean, beti bezala plazan eman diote amaiera desfileari, musikaz girota.