Astelehen Karnabala azken txanpan sartu da jada. Goizean, zezen txikiak, poniak eta haurren mozorro desfilea izan dira, eta arratsaldean jarraitu dute gaurko antolatutako ekintzek. 16:30ean sokamuturraren txanda izan da, eta ohi bezala, jende ugari ibili da hara eta hona zezenaren bueltan. Haurrentzat, aldiz, Hemendikara zirku ikuskizuna eskaini dute Matxinada Plazan. Hasieran 17:00etan hastekoa zen arren, orduerdi atzeratu dute emanaldia, eta 17:30ean hasi da. Ordubete inguruko emanaldia eskaini dute, eta gogotik gozatu dute bertaratu diren haurrek eta gurasoek.
Gaueko mozorro festarako motorrak berotzeko eta jaiz ahalik eta gehien gozatzeko, jende ugari atera da kalera arratsaldean mozorroak soinean. 20:00etan hasiko da lehiaketa, eta hainbat musika emanaldi ere izango dira gauean zehar plazan zein herriko kaleetan. Hain zuzen, 23:30ean Oihan Vegaren emanaldia izango da plazan eta gauerdian mozorro lehiaketaren sari banaketa egingo dute. Ondoren, Psychoclown perkusio taldearen emanaldia izango da.