Karnabalak 2022

Irudimenez eta festa giroz jantzi dituzte kaleak Astelehen Karnabal gauean

Maialen Etxaniz 2022ko mar. 1a, 09:04

Jendetza atera zen atzo kalera, eta mozorroak eta musika izan ziren protagonista. Gauerdian egin zuten mozorro lehiaketaren sari banaketa ekitaldia. Hainbat sari banatu zituen udalak, eta besteak beste, banakako lehen saria arrain saltzaileak eta taldekakoa Velazquez eta haren Meninak obra irudikatu zuten taldeak jaso zuen.

Askotariko mozorroak eta festa giroa izan dira protagonista aurtengo Astelehen Karnabalean ere. Jendetza atera zen atzo kalera, eta mozorroak zein musika izan ziren protagonista. Ohiko mozorroak nahiz beste hainbat original atera zituzten kalera herritarrek, taldean nahiz banaka, eta hain zuzen ere, epaimahaia kalean ibili zen mozorrorik onenen bila. Plazan, gainera, Oihan Vega aritu zen musika jartzen, eta jendetza aritu zen han dantzan.

Gauerdian egin zuten mozorro lehiaketaren sari banaketa ekitaldia, jendez lepo zegoen plazan. Banakako lehen saria arrain saltzailearentzat izan zen; bigarrena iltze jokoarekin kalera atera zen herritarrarentzat; eta hirugarren saria bobsleigh kirolarentzat izan zen. Gainera, taldekako bost sari banatu zituen epaimahaiak: lehen saria Velazquez eta haren Meninak obra irudikatu zuen taldeak jaso zuen; bigarrena, Manasluko espedizioak; hirugarrena San Inaziok; eta laugarren saria bi taldek eskuratu zuten, ijito bodak eta ijitoen parrilladak. Karnabal giroari dagokion saria, berriz, Haginpe tabernak jaso zuen.

Karnabalzaleek goizean borobildu dute festa, goiz eresiarekin eta sokamuturrarekin.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide