Etorkizuna Eraikiz egitasmoaren kapsula Azpeitian izango da bihar

Julene Frantzesena 2022ko mar. 3a, 07:52

Etorkizuna Eraikiz kapsula. (Gipuzkoako Foru Aldundia)

10:00etatik 19:00etara izango da kapsula Olazko Andre Mariaren plazan, eta hara bisita egingo du Eider Mendoza Gobernantza diputatuak. Herritarrek ekarpenak eta proposamenak egin ahal izango dituzte, baita kezkak plazaratu ere.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Etorkizuna Eraikiz kapsula jarriko du bihar, ostirala, plazan. Herritarrek 2040an Gipuzkoa nolakoa izango dela irudikatzen duten ikustea da aldundiaren xedea, hortik abiatuta "lan ildoak identifikatzeko eta interes sozialak agenda publikoan txertatzeko". 

10:00etatik 19:00etara izango da kapsula Olazko Andre Mariaren plazan, eta hara bisita egingo du Eider Mendoza Gobernantza diputatuak. Herritarrek ekarpenak eta proposamenak egin ahal izango dituzte, baita kezkak plazaratu ere.

Aldundiak azaldu duenez, herritarrek lurraldearen etorkizunarekin duten konpromisoaren garrantziaz ohartzeko ariketa da kapsulan egingo dutena. Etorkizuna Eraikiz "gobernantza kolaboratiboa" sustatzeko sortutako egitasmoa dela ere adierazi du erakundeak, herritarrekin lotura sortzea xede dutela jakinarazita.

Herritarren parte hartzea "garrantzitsua" dela adierazi du. "Garrantzitsua da herritarren laguntza izatea lehentasunak zehazteko eta proiektu eta politika publikoak antolatzeko. Haien iritzia ezagutzea eta parte hartzeko moduak ezartzea oinarrizkoa da kudeaketa hobetzeko, eta, are garrantzitsuagoa dena, mesfidantza gainditzeko eta lankidetza prozesuak bultzatzeko, gehiengoaren mesedetan".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide