Laburbirako film laburrak eta beste bi film izango dira ikusgai asteburuan

Julene Frantzesena 2022ko mar. 2a, 08:11

Amancay GaztaƱaga aktorea Laburbirako 'Serendipia' film laburrean. (Laburbira)

Igande arratsaldean umeei zuzendutako Ainbo: Amazoniako gerraria animaziozko filma ikusi ahal izango da. Igande iluntzean, berriz, Laburbiraren aurtengo zirkuituko bederatzi filma laburrak emango dituzte. Astelehen gauean Un espiritu burlon lana emango dute.

Karnabaletako etenaren ostean, zinema emanaldiak Soreasu antzokira itzuliko dira asteburu honetan. Hain zuzen ere, Laburbira film laburren zirkuituko lanak eta bi film komertzial emango dituzte igandean eta astelehenean. Sarrerak Kulturaz.eus webgunean eros daitezke.

Igandean, 16:30ean hasita, haurrei zuzendutako Ainbo: Amazoniako gerraria filma izango da ikusgai. Perun egindako filma animaziozkoa da, eta Jose Zelanda eta Richard Claus dira zuzendariak. Honako hau da sinopsia: "Ainbo txikia Amazoniako oihanaren sakonean bizi da. Ama galdu eta bere herriko helduekin borrokatu ondoren, arkulari gazte honek bere herria gizon zuriaren botere suntsitzailetik salbatzeko bidaia bati ekingo dio. Bere bi gidari izpiritualek lagunduko diote, liztor txiki armadiloak eta kanpai tapir batek".

Honako hau da film horren trailerra:

Igande iluntzean, 19:30ean, berriz, 2022ko Laburbira zirkuituaren barruan sartu dituzten filmak izango dira ikusgai. Euskarazko bederatzi lan emango dituzte, hala nola Serendipia (Iban del Campo), Itsasoaren mugimendua (Alba Romera eta Rony Levoz), Lanbroa (Paula Iglesias), Falta zaizuna (Jose Luis Gomez), Hurrengo geltokia (Naia Aizpurua), Rewind (Amaia San Sebastian), Turnoka (Aitor Alberdi), Subandila (Josu Martinez) eta Itsaso (Sergio Martinez) lanak.

Bestalde, astelehenean, ikusleen egunean, 21:00etan hasita, Un espiritu burlon lana emango dute Soreasun. Edward Hallek Erresuma Batuan egindako lana komedia generokoa da. Honako hau da film horren sinopsia: "Charles eleberri beltzeko idazle ospetsua da, eta sormen blokeo batean dago. Hura gainditzen laguntzeko, Ruth emazteak medium batekin topaketa bat antolatzen du, eta hark hilda dagoen Charlesen lehen emazte izan zena deitzen du, Elvira eder eta jeloskorra. Berarekin betierekotasun osoa pasatzeko, Charles hil egin nahi du Elvirak, baina Ruth hilko da. Elviraren eta Ruthen espirituak elkartu egiten dira Charlesen bizitza infernu bihurtzeko.

Hona hemen trailerra:

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide