Azken txanpan sartu dira karnabalak, eta festen azken apurrak aprobetxatzen dabiltza herritarrak. 16:30ean egin dute aurtengo Karnabaletako azken irteera, Arno ganadutegiko zezenekin. Beste egun batez, jende ugari elkartu da plazan zein ohiko beste txokoetan, sokamuturraren bueltan. Karnabaletako azken irteera ez ezik, Joseba Senperena sokamutilaren azken saioa izan da.
Sokamuturra ez da izan gaur arratsalderako antolatutako ekintza bakarra; izan ere, haurrei zuzendutako Piraten istorio bat emanaldia izan da ikusgai Sanagustin kulturgunean. 17:30ean hasi da ikuskizuna, eta ordubete inguru iraun du. Ondoren, 18:00etan hasita, Irulitxa txarangak musikaz alaitu ditu kaleak.
Suzko zezenak emango die amaiera aurtengo festei, 20:00etan.