Francis Diez: "Euskara nire hizkuntza sentitzen dut"

Berria 2022ko mar. 3a, 16:07

Doctor Deseo taldea. Erdian, Francis Diez. (Doctor Deseo)

Doctor Deseok Azpeitian hasiko du Maketoen iraultza diskoa aurkezteko kontzertu bira. Bi kontzertu emango ditu Bilboko taldeak Sanagustin kulturgunean, bihar eta zapatuan, 22:00etan hasita; zapatuko emanaldirako sarrerak agortuta daude. Bira berria hastear dela, Jone Bastida kazetari azpeitiarrak Francis Diez abeslaria elkarrizketatu du Berria egunkarian.

Pandemiaren gorabeherek eragindako etenaren ostean, ostiralean ekingo dio Doctor Deseo taldeak Maketoen iraultza lana ezagutarazteko birari. Azpeitian (Gipuzkoa) arituko dira bihar eta larunbatean, eta beste hainbat kontzertu ere iragarri dituzte: hilaren 19an, Gasteizen izango dira; 26an, Atarrabian (Nafarroa); eta apirilaren 22an, Bilbon. Kontzertu "bereziak" izango direla adierazi du Francis Diez abeslariak (Bilbo, 1958).

2019ko abenduan Maketoen iraultza albuma kaleratu zenuten; euskarazko hamahiru kantuk osatutako bilduma da. Pandemiaren ondorioz bira bertan behera utzi eta gero, gogotsu itzuliko zarete?

Pandemiak ekarri duen gauza on bakarra da dugun gogoa. Bira bertan behera utzi behar izan genuen, eta ia hiru urte daramatzagu zuzenean jo gabe. Orain, batez ere, izugarrizko gogoa dugu; berriro elkar aurkitzeko gogoa. Berriro zuekin itzela izango da.

Zaila izan da horrenbeste denbora oholtzatik at egotea?

Pandemia zaila izan da mundu guztiarentzat. Errusiar mendi batean bizitzen egon gara; esperantza momentuak egon dira, baita erorikoak ere. Musikaren sektorea eta beste, ziurrenik, gehien kaltetuak izan gara.

Zer esan nahi izan zuen bira bertan behera utzi behar izateak?

Frustrazio handia sentitu genuen. Bira berezia zen, eta ilusio nahiz gogo handia genituen. Hasieran, sinetsi ere ez duzu egiten, eta optimista izanda, pentsatzen nuen: "Beno, bertan behera utziko dugu, baina ziur hurrengo urtean berriro ekingo diogula". Itxaron eta itxaron egon gara.

Berriro zuekin izena jarri diozue bihar ekingo diozuen birari. Berezia izango dela ere esan duzue: "Ospakizun handi bat". Nolakoa izango da?

Maketoen iraultza albumarekin hasiko gara: bildumako kantuen selekziorik onena eta sutsuena izango da. Oso berezia izango da nola planifikatu dugun, ordena, nola doan guztia... Bertsio bereziak ere egin ditugu okasio honetarako. Eta hortik aurrera, bigarren zatia etorriko da: Doctor Deseoren onenaren festa izango da.

Aurreneko kontzertua Azpeitian emango duzue. Sarrera guztiak saldu ondoren, bi egun jarraian arituko zarete. Gasteizko kontzerturako ere amaituta daude sarrerak. Gustura zaudete jendearen erantzunarekin?

Bai, oraingoz bai. Pandemiaren ondoren ikustea jendea nola ari den erreakzionatzen... segur aski sarrera guztiak salduko ditugu hiriburuetan. Egia esan, gogo injekzio bat eman digu; eta injekzio horrek egin digu askoz gehiago ahalegintzea. Bi hilabete daramatzagu kontzertua prestatzen, intentsitate handiarekin. Sentipenak oso onak dira.

Irakurri elkarrizketa osoa Berria.eus webgunean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide