Zinegoak jaialdiko sei film labur ikusi ahal izango dira asteazkenean

Julene Frantzesena 2022ko mar. 7a, 07:57

Zinegoakeko '17 minutos con Nora' filmeko irudia. (Zinegoak)

Soreasu antzokian emango dituzte aurtengo Bilboko gaylesbitrans nazioarteko zinema eta arte eszenikoen jaialdiko sei film laburrak, 21:00etan hasita, Zinegoakek eta Azpeitiko Emakumeen Txokoak antolatuta.

Zinegoak Bilboko gaylesbitrans nazioarteko zinema eta arte eszenikoen jaialdiaren 19. edizioko filmak ikusteko aukera izango da etzi, asteazkena. Soreasu antzokian emango dituzte aurtengo jaialdiko sei film laburrak, 21:00etan hasita, Zinegoakek eta Azpeitiko Emakumeen Txokoak antolatuta. Orotara, sei lan ikusteko parada izango da: Les filles ne marchent pas seules la nuit, No deberias, Elsa, Berak baleki, 17 minutos con Nora eta To the future, with love lanak, hain zuzen ere.

Zinegoaken antolatzaileek adierazi dutenez, "identitatea eraikitzeko eta norbere burua nahieran birpentsatzeko eta berrasmatzeko aukera ugaritan" jarri dute fokua aurtengo edizioan. "Nor garen eta geure burua nola izendatu nahi dugun erabakitzeko askatasuna eta zilegitasuna aldarrikatzeaz ari gara, betiere begirada irekia ezarrita sexu aniztasunaren, orotariko orientazioen, genero identitatea eraikitzearen edo sexualitatearekin loturiko edozein elementuren gainean".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide