Iñaki Zudupe elizgizon azpeitiarra hil da El Salvadorren, auto batek harrapatuta

Mailo Oiarzabal 2022ko mar. 3a, 16:55

Iñaki Zudupe, 2017an Bizkaia Irratian egin zioten elkarrizketan. (Bizkaia Irratia)

Maristen ordenako fraidea, Bilboko elizbarrutiko apaiza eta Fede eta Ekintza Solidarioa elkarteko kidea zen. Perun 20 urte inguru lan egin ondoren, azken bost urteak El Salvadorren egin zituen. 76 urte zituen.

Iñaki Zudupe Odriozola elizgizon azpeitiarra joan den igandean hil zen, El Salvadorren, auto batek harrapatuta. 1946an jaioa, 76 urte zituen. Bilboko elizbarrutiko apaiza zen, besteak beste, Zudupe, eta elizbarruti horrek eman du hari gertatutakoaren berri; Zudupe harrapatu zuen autoak istripuaren ondoren ihes egin zuela jakinarazi dute. Bihar egingo dute azpeitiarraren aldeko hileta meza Bilbon, San Inazio parrokian, 18:30ean.

Zudupek Azpeitiko anaia maristen ikastetxean ikasi zuen, eta ordena horretako seminarioan osatu zituen ikasketak, fraidetu arte. Maristetatik sortutako Fede eta Ekintza Solidarioa elkartean jarraitu zuen ibilbidea, eta 2004an egin zen apaiz, Bilboko Santiago katedralean. Filosofia, Historia Garaikidea eta Irakasle ikasketak zituen, eta Peruko Trujillo Garaian 20 bat urte bizi izan zen; besteak beste, hango bi parrokiatan parroko izan zen. Peru utzita, azken bost urteetan El Salvadorren bizi izan da, San Salvador hiriburu inguruko Antiguo Cuscatlan hirian.

2017an Bizkaia Irratian elkarrizketatu zuten Zudupe, Bilbon egin zuen egonaldi batean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide