Labaka eta Apezetxea Berria erremonte txapelketan lehiatuko dira

Mailo Oiarzabal 2022ko mar. 4a, 08:51

Oier Apezetxeak Berria txapelketa jokatuz egingo du debuta erremontean. (Maialen Andres - Oriamendi)

Urrutia II.a izango da Labakaren aurrelaria, eta Aldabe Apezetxearena. Bihar jokatuko dute lehen partida Urrutiak eta Labakak. Azpeitian bizi den Goizuetako esku pilotari ohiak, berriz, debuta egingo du erremontista gisa txapelketa honetan; hilaren 12an jokatuko du lehen partida Galarretan.

Jagoba Labakak, Urrutia II.a aurrelari duela, eta Oier Apezetxeak, Aldabe aurrelari duela, Berria erremonte txapelketa jokatuko dute. Sei bikote lehiatuko dira txapelketan, bi multzotan banatuta: A multzoan ariko dira Urrutia eta Labaka, Susperregi-Zubiri eta Goikoetxea V.a-Odei bikoteekin batera; B multzoan, Aldabe eta Apezetxea Loitegi-Zaldua eta Etxarri-Martirena bikoteekin lehiatuko dira. Martxoaren 5ean, 12an eta 19an ligaxkako partidak jokatuko dituzte, talde bakoitzeko lehen bi sailkatuek jokatuko dituzte finalaurrekoak (martxoaren 26an eta apirilaren 2an), eta horietan gailentzen direnak igaroko dira apirilaren 9ko finalera.

Bihar jokatuko dituzte Hernaniko (Gipuzkoa) Galarreta pilotalekuan ligaxkako lehen jardunaldiko bi partidak, eta horietako lehendabizikoan Urrutia II.ak eta Labakak Goikoetxea V.arekin eta Odeirekin neurtuko dituzte indarrak. Aldabek eta Apezetxeak, berriz, hilaren 12an jokatuko dute lehen partida, bihar Etxarri-Martirenak eta Loitegi-Zalduak jokatuko duten partidaren irabazleen kontra.

Apezetxearen debuta

Martxoaren 12koa debut bikoitza izango da Apezetxearentzat. Esku pilotan aritutakoa da Azpeitian bizi den goizuetarra, baita Azpeitiarekin Herriartekoan jokatutakoa ere, besteak beste. Esku pilota utzita, erremonteari eutsi dio orain, eta Berria txapelketaren lehen jardunaldikoa izango da ibilbide berriko bere lehen neurketa.

Hastear den txapelketaren aurkezpena baliatu du Oriamendi enpresak Azpeitiko bizilagunaren fitxaketa aurkezteko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide