Urrezko Binakako Aizkolari eta Urrezko Harri-jasotze txapelketen finalak jokatuko dituzte igandean Izarraitzen

Mailo Oiarzabal 2022ko mar. 4a, 11:26

Egoitz Arruti eta Luis Mari Bengoa mahaian, kirolariak atzean dituztela, atzoko aurkezpenean. (Mailo Oiarzabal)

Aizkoran bi eta harri jasotzen lau txapel izango dira jokoan 12:00etan hasiko den herri kirol jaialdian. Sarrerak egunean bertan salduko dituzte pilotalekuko txarteldegian, 25 eurotan.

Egur Sportek antolatutako herri kirol txapelketen finalak hartuko ditu beste behin Izarraitz pilotalekuak. Igande honetan, gizonen zein emakumeen Urrezko Binakako Aizkolari eta Urrezko Harri-jasotze txapelketen sei finalak jokatuko dituzte han, 12:00etatik aurrera.

Igandeko finalen xehetasunak azaltzeko agerraldia egin zuten atzo iluntzean udaletxean Egoitz Arruti Kirol zinegotziak eta Luis Mari Bengoa antolatzaileen buruak, txapelen bila ariko diren kirolarietako batzuk bertan zirela. Pandemiaren aurretik Izarraitzen aforo osoarekin egin ahal izan zen azken finala Urrezko Aizkorarena izan zela, eta pandemia iritsi zenetik aforo osoarekin egingo den lehendabizikoa ere Urrezko Aizkorarena izango dela gogoratu zuen Arrutik. Bengoa, bere aldetik, itxaropentsu azaldu zen igandean kirolariek eskain dezaketen ikuskizunaren aurrean, "kanporaketak oso berdinduak" izan direlako. Guztira 21 kirolari lehiatuko dira sei finaletan eta "horietatik hamar emakumeak" izango direla nabarmendu nahi izan zuen Egur Sporteko arduradunak, emakumeak herri kiroletara erakartzeko egiten ari diren ahalegina azpimarratuz.

Aizkolarien finalak

Gizonetan, binakako 22. finala izango da aurtengoa. Lau bikote ariko dira nor baino nor txapelen bila: Hodei Ezpeleta-Ibai Soroa, Julen Alberdi Txikia IV.a-Suharri Rodriguez, Ugaitz Mugertza Mugertza II.a-Julen Gabirondo eta Joxean Etxeberria-Patxi Mindegia. Soroak Jokin Urretabizkaia Basozabalen tokia hartuko du finalean, Basozabalek min hartu duelako eskuin eskuan –atzoko aurkezpenean bertan izan zen–; iaz, Txomin Amundarainekin bikotea osatuta txapela jantzi zuen Soroak.

Emakumeen aizkorako finalean, berriz, bi bikote lehiatuko dira: Nerea Sorondo eta Nerea Arruti, Laiene Pikabearen eta Irati Astondoaren kontra.

Harrijasotzaileen finalak

Urrezko Harri-jasotze Txapelketaren barruan lau txapel banatuko dituzte igandeko saioan, bat gizonen txapelketa nagusiarena eta hiru emakumeen lehietan: goi mailakoa, hasiberrien mailakoa eta gazteen mailakoa.

Mikel Lopetegi Urra, Xabat Olaizola eta Beñat Telleria dira gizonen finala jokatuko dutenak; zortzi arroako zilindroa, kubikoa eta bola altxatzeko bi minutuko saio bana egingo dute finalistek.

Emakumeen finaletan, berriz, bina finalista ariko dira. Karmele Gisasola Zelai III.ak eta Lucia Orbek jokatuko dute maila nagusiko finala; hasiberrien finalean Lur Errekondok eta Lierni Osak neurtuko dituzte indarrak; eta Udane Ostolaza eta Aroa Sanchez lehiatuko dira gazteen mailako finalean.

Sarrerak

Sarrerak igandean bertan salduko dituzte pilotalekuko txarteldegian, 25 eurotan. Aurrez gordetzeko aukera ere badago, 685 750 848 telefono zenbakira deituta.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide