Gipuzkoaren etorkizunari buruzko kezkak eta proposamenak jasotzen ari da Aldundia

Julene Frantzesena 2022ko mar. 4a, 12:12

Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea eta Eider Mendoza Gobernantza diputatua Azpeitian jarri duten kapsulan.

Etorkizuna Eraikiz kapsula Olazko Andre Mariaren plazan da goizaz geroztik, eta han izango da 19:00etara arte. Eider Mendoza Gobernantza diputatua han izan da goizean, eta Nagore Alkorta Azpeitiko alkateari egitasmoaren gaineko azalpenak eman dizkio.

Gipuzkoaren etorkizunari buruzko kezkak nahiz proposamenak jasotzen ari da gaur Foru Aldundia Azpeitian. Etorkizuna Eraikiz kapsula Olazko Andre Mariaren plazan da goizaz geroztik, eta han izango da 19:00etara arte. Goiz partean kapsulan izan da Eider Mendoza Gobernantza diputatua, eta harekin batera, baita Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea ere; Mendozak Etorkizuna Eraikiz egitasmoaren gaineko azalpenak eman dizkio Alkortari.

Gipuzkoaren etorkizuna "denen artean" diseinatu behar dela azaldu du foru diputatuak: "Guztiok amesten dugun lurraldea eraiki behar dugu, eta horregatik ari gara dinamika parte-hartzailea sustatzen, kapsula hainbat herritara eramanda". Hark azaldu duenez, parte-hartzea "ezinbestekoa" da herritarrek politikarekiko eta erakundeekiko konfiantza berreskura dezaten. "Azken bi urteotako bizipenek ere arrasto sakona utzi dute gizartean, eta oso garrantzitsua iruditzen zaigu une honetan gipuzkoarren proposamenak, kezkak eta iritziak jasotzea".

Gaur Azpeitian jasotako proposamenak beste herrietakoekin bilduko dituztela azaldu du Mendozak, eta kapsularen herriz herriko fasea bukatzean, agenda publikoa ezartzerakoan, horiek kontuan hartuko dituztela ere esan du.

Azpeitiko alkateak eskerrak eman dizkio Mendozari, "azpeitiarren hitza" entzutera etorri izanagatik. "Guretzat garrantzitsua da herritarren hitza entzutea eta aintzat hartzea, etorkizuneko proiektuak herritarren beharretatik eta lehentasunetatik eraikitzeko". Elkarlanaren garrantzia azpimarratu du hark, gainera. "Herritarrek eta erakunde publiko desberdinek elkar hartuta lan egin behar dugu, herritarren bizi kalitatean eragingo duten proiektuak martxan jartzeko".

Hark azaldu duenez, urteak daramatzate herritarrekin proiektuak lantzeko bidea urratzen, eta Azpeitia "denontzat eta denon artean" eraikitzeko konpromisoa berretsi du: "Oso aberasgarria eta eraikitzailea da herritarrekin elkarlanean aritzea, eta gaur Azpeitian bildutako ekarpenak ere ziur interesgarriak izango direla".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide