Ireki dute 2022ko sorkuntza beken deialdia

Mailo Oiarzabal 2022ko mar. 4a, 17:56

Kulturazeko Aitor Bengoetxea eta Garazi Lazkano, eta Eneritz Albizu udaleko Kultura batzordeburua, gaur, Dinamoan. Han aurkeztu dute Sorkuntza beken aurtengo deialdia. (Mailo Oiarzabal)

Aurten ere 20.000 euro banatuko dituzte udalak eta Kulturazek sortzaile gazteei eta berrie zuzendutako laguntzetan, 12.000 sorkuntza proiektuak bultzatzeko, eta beste 8.000 Dinamoan bi egonaldi laguntzeko. Kulturazek bekaren xehetasunak azaltzeko webinarra egingo du martxoaren 10ean, eta aurkeztu nahi dutenei laguntzeko aurrez aurreko aholkularitza saioak ere eskainiko ditu hilaren 14tik 18ra. Apirilaren 2ra arte aurkez daitezke beka eskaerak.

Sortzaile gazteei eta berriei zuzendutako sorkuntza beken 2022ko deialdia martxan dago, eta gaur eman dituzte aurtengo deialdiaren xehetasunak Dinamoa sormen gunean. Zazpigarren aldia beteko du aurten Azpeitiko Udalak eta Kulturaz kooperatibak antolatutako deialdiak, eta aurreko urtean bezala, aurten ere 20.000 euro banatuko dituzte guztira Azpeitiko sorkuntza bekek: 12.000 euro sorkuntza proiektuak bultzatzeko, eta 8.000 euro Dinamoan bi sormen egonaldi laguntzeko.

Musika, pintura, eskultura, literatura, antzerkia, zinema, komikia, soinua, ikus-entzunezkoak, konposizio digitala, dantza... Askotariko kultur adierazpideei lotutako proiektuak aurkez daitezke sorkuntza beketara. Aste honetan argitaratu dituzte deialdiaren oinarriak, eta apirilaren 2ra arte irekita egongo da proiektuak aurkezteko epea. Oinarriak, eskaera orria eta beken deialdiarekin lotutako gainerakoak azpeitia.eus webgunean jarri ditu udalak.

Kultur sorkuntza sustatzea, eta horretarako sortzaile hasiberriei beren proiektuak eta asmoak garatzeko eta gauzatzeko baliabideak eta baldintza egokiak eskaintzea da sorkuntza beken helburu nagusia, eta hori ekarri du gogora Eneritz Albizu udaleko Kultura batzordeburuak. "Sormen prozesuari dagokion balioa eta duintasuna emateko bidean sakontzen jarraitzen dugu", adierazi du. Beka hauekin, "azken emaitzari baino, sormen prozesuari, bideari" eman nahi diote garrantzia, Albizuren esanetan: "Oholtza gainean aurkezten dena ez, sormena bere horretan da bultzatu nahi duguna. Sortzea, esperimentatzea, ausartzea nahi dugu sortzaileak. Beka hauek horretarako dira, hasiberriek esperimentatu dezaten".

Sortzeko eta esperimentatzeko toki aproposa dute sortzaileek Dinamoan. Soreasun dagoen sormen guneak lanerako espazioa eta baliabideak eskaintzen dizkie sortzaileei, sorkuntza bekak jasotzen dituztenek bertan gara ditzakete beren proiektuak. Dinamoaren erreferentzialtasuna, sortzaileek Dinamoa lan egiteko, beste sortzaileekin elkartzeko eta proiektuak gauzatzeko gune gisa ulertzea, Dinamoaren dinamikan sartzea ere bada, bide batez, sorkuntza bekei lotuta Kulturazek eta udalak egin nahi duten urratsa. "Hona etortzen dira proiektuak lantzera, elkar ezagutu, elkar lagundu eta hona etortzeko ohiturak lantzen ditugu, Hori da, azken finean, bilatzen duguna. Beren txokoa hau izan daitekeela ikustea", adierazi du Kulturazeko Aitor Bengoetxeak.

Webinarra eta aholkularitza pertsonala

Deialdiari eta oinarriei dagokienez aurten berrikuntzarik ez dago, baina deialdia eta bekak beraiek gizarteratzeko eta, bereziki, sortzaileei helarazteko bide berriak jorratuko ditu aurten Kulturaz kooperatibak.

Horrela, datorren ostegunean, martxoaren 10ean, bekak eskatzeko asmoa dutenei edo izan dezaketenei zuzendutako webinarra egingo dute, bekaren eta deialdiaren gaineko azalpenak emateko eta zalantzak argitzen laguntzeko. 18:00etan hasiko da online saio hori, baina bertan parte hartu nahi dutenek aurrez eman behar dute izena, dinamoa.eus webguneko esteka honetan.

Martxoaren 14tik 18ra, berriz, aholkularitza saioak eskainiko ditu Kulturazek Dinamoan, "proiektua nola aurkeztu eta bestelako zalantzak aurrez aurre eta modu pertsonalean argitzeko". Saio horietarako txanda hartu nahi dutenek ere Dinamoaren webgunean egin dezakete.

2021eko uzta, martxoaren 25ean

2022ko beken deialdia aurkezteko agerraldian aurreratu dute 2021eko sorkuntza beken emaitzak ere hil honetan bertan aurkeztuko dituztela jendaurrean Dinamoan.

Martxoaren 25ean plazaratuko dituzte guztiak batera, baina aurreko egunetan hasiko da mugimendua sormen gunean. Izan ere, iaz sormen bekak jaso zituzten proiektuen emaitzekin erakusketa osatzea da asmoa. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide