Golden Apple Quartetek eta Udal Musika Bandak kontzertu berezia eskainiko dute apirilaren 9an

Julene Frantzesena 2022ko mar. 6a, 13:11

Golden Apple Quarteteko kideak eta Xabier Zabala.

Soreasu antzokian izango da emanaldia, eta dagoeneko eskura daitezke hara joateko gonbidapenak. Golden Apple Quartetek Los Xey musika talde zenari omenaldia egiteko sortutako Golden Xey ikuskizuna da eskainiko dutena. Xabier Zabala musikaria ere izango da agertokian.

Azpeitiko Udal Musika Bandak kontzertu berezia eskainiko du apirilaren 9an, larunbatez. Hain zuzen ere, bandako kideekin batera, Golden Apple Quartet taldea eta Xabier Zabala musikaria izango dira Soreasu antzokiko agertokian (19:00).

Golden Apple Quartetek Los Xey musika talde zenari omenaldia egiteko sortutako Golden Xey ikuskizuna da Soreasun eskainiko dutena. 2019an estreinatu zuen emanaldia, Errenteriako Musika Bandarekin batera, eta orain Azpeitiko Musika Bandaren txanda izango da. Banda arduratuko da Zabalak moldatutako abestiak jotzeaz, Zabalak soinuarekin lagunduta, eta Golden Apple Quarteteko laukoteak jarriko die abestiei ahotsa.

Musika Banda hasi da dagoeneko kontzerturako entseguekin, eta datozen asteetan egingo dituzte saioak Zabalarekin nahiz Golden Apple Quarteteko kideekin. Emanaldirako sarrera doakoa izango da, baina gonbidapenak eskuratu behar dira, eta horiek Kulturaz.eus webgunean lortu daitezke.

Abesti entzutetsu asko egin zituen Los Xey taldeak. 1941. urtean Donostian sortu zuten musika talde hura Easo abesbatzako sei kidek: Victor Garciak, Guillermo Lazkanok, Txomin Arrasatek, Xabier Olaskoagak, Alfredo Txiki Lahuertak eta Pepito Iantzik. Handik urte batzuetara taldera batu zen Xipri Larrañaga azkoitiarra. Zehazki, Larrañaga arduratu zen taldearen musika zuzendaritzaz, abestien moldaketez eta garai hartan oso ezagunak egin ziren irratirako hainbat iragarki egiteaz.

Maxixatzen aldizkariaren otsaileko zenbakirako Larrañagaren eta Los Xeyren ibilbideaz erreportajea egin zuen Nerea Uranga kazetariak, eta honako lotura honetan irakur daiteke.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide