Lagun Onakeko emakumeek puntu bat lortu dute, eta gizonek hiru

Julene Frantzesena 2022ko mar. 6a, 19:06

Lagun Onakeko emakumeen hasierako hamaikakoa atzo. (Lagun Onak)

Emakumeek ezin izan zituzten hiru puntuak lortu Bergararen kontra atzo Garmendipen jokatutako partidan. Gizonek, berriz, hiru puntu erdietsi dituzte gaur Lesakan, azken asteetako bolada onarekin jarraituz.

Ez da, inondik ere, asteburu txarra izan Lagun Onakeko talde nagusientzat. Izan ere, emakumeek berdinketa eta gizonek garaipena erdietsi dute.

Emakumeek atzo jokatu zuten neurketa Garmendipe futbol zelaian, Bergararen aurka. Aukera ugari izan zituen etxeko taldeak, baita Bergarak ere, eta bigarren zatian iritsi zen Lagun Onaken gola: Eneritzek sartu zuen 51. minutuan. Pozak, baina, partidaren bukaerara arte iraun jokalariei. Izan ere, 74. minutuan sartu zuen banakoa Bergarak, eta halaxe amaitu zen norgehiagoka. Lagun Onakeko emakumeen lehen taldea Ohorezko Erregional Mailako sailkapenaren zortzigarren postuan da, 31 puntu batuta.

Lagun Onakeko gizonek, berriz, gaur jokatu dute Espainiako Hirugarren Mailako 30. jardunaldia. Lesakan izan dute neurketa, Beti Gazte taldearen aurka, eta urrezko hiru puntu lortu ditu Azpeitiko taldeak, Aratzek 84. minutuan sartutako golari esker. Azken asteetako garaipenak tarteko, sailkapenaren erdialdean da Lagun Onak, denboraldia bukatzeko zortzi partidaren faltan, 35 punturekin.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide