Herri kirolen plaza bilakatu da gaur ere Azpeitia

Julene Frantzesena 2022ko mar. 6a, 20:10

Egur Sportek antolatuta, aizkora eta harri-jasotze txapelketak izan dira gaur eguerdian Izarraitz pilotalekuan. Kirolariek ez dute hutsik egin, ezta zaleek ere.

Herri kirolen plaza bilakatu da beste behin gaur Azpeitia. Izan ere, Egur Sportek antolatuta, aizkora eta harri-jasotze txapelketak izan dira gaur eguerdian Izarraitz pilotalekuan. Kirolariek ez dute hutsik egin, lehia ederra osatu baitute, eta zaleek ere ez; dozenaka lagun izan dira frontoian.

Julen Alberdi Txikia V.a azkoitiarrak eta Suharri Rodriguezek irabazi dute Urrezko Binakako Aizkolarien Txapelketa, Nerea Sorondok nahiz Nerea Arrutik Emakumeen Binakako Aizkolari Txapelketa, Mikel Lopetegi Urra zarauztarrak Urrezko Harri-jasotze Txapelketa eta Karmele Gisasola Zelai III.ak Emakumeen Harri-jasotze Txapelketa.

Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketan lau bikote aritu dira nor baino nor. Hainbat enbor ebaki behar izan dituzte kirolariek, eta denborarik onena Txikia V.ak eta Suharri Rodriguezek lortu dute, lanak 25 minutu eta 55 segundotan gauzatuta. Bigarren sailkatu dira Ugaitz Mugertza Mugertza II.a eta Julen Gabirondo, lanak 27 minutu eta 6 segundotan bukatuta, eta hirugarren, berriz, Joxean Etxeberria eta Patxi Mindegia izan dira (28:07). Laugarren postuan Hodei Ezpeleta eta Jokin Urretabizkaia Basozabal izan dira, lanak egiteko 30 minutu eta 56 segundo behar izan baitituzte.

Emakumeen Txapelketan bi bikote aritu dira lehian: Nerea Sorondok eta Nerea Arrutik Laiene Pikabea eta Irati Astondoa izan dituzte aurrez aurre. Bi lan egin behar izan ditu bikote bakoitzak, eta horiek bukatzen aurrenak Sorondo eta Arruti izan dira; 11 minutu eta 40 segundo behar izan dituzte. Pikabeak eta Astondoak, ostera, 13 minutu eta 04 segundotan bukatu dituzte lanok.

Harri-jasotzen ere bai

Hirugarren final bat ere jokatu dute gaur Azpeitian. Hain zuzen ere, Urrezko Harri-jasotze Txapelketako finala ere izan da. Mikel Lopetegi Urra, Beñat Telleria eta Xabat Olaizola lehiatu dira, eta lan guztiak eginda, Urra gailendu da. Zarauztarrak 77 jasoaldi egin dizkie zilindro zaharrari, kubikoari eta bolari. Telleriak, berriz, 68 altxaldi egin ditu, eta Olaizola zarauztarrak, 63.

Bestalde, eta herri kirol jaialdia borobiltzeko, Emakumeen Harri-jasotze Txapelketako finala jokatu dute sei kirolarik, hiru mailatan banatuta. Maila nagusiko finala Zelai III.ak irabazi du, indarrak Lucia Orberen kontra neurtuta; 61 eta 56 jasoaldi egin dituzte bi kirolari horiek, hurrenez hurren. Berrien mailan, berriz, Lur Errekondo nagusitu da, eta Lierni Osa zarauztarra izan da azpitxapelduna; horiek 66 eta 56 jasoaldi egin dizkiete harriei. Azkenik gazteen mailako finala izan da, eta Udane Ostolaza oriotarra aise gailendu zaio Aroa Sanchezi; 56 eta 48 altxaldi egin dituzte horiek.

(Argazkiak: Ibon Errazu Uria)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide