Martxoaren 8a da bihar, Emakumeen Nazioarteko Eguna, eta horren harira, hainbat deialdi egin dute herriko eragileek biharko.
Batetik, Euskal Herriko Mugimendu Feministaren deiarekin bat eginez, herritar talde batek elkarretaratzea deitu du. Plazan izango da kontzentrazioa, 18:30ean hasita, Zapaltzen gaituen sistemari sua, antolakuntza feminista gure garra lelopean. Hain zuzen ere, "egunero zapaltzen, erasotzen eta erailtzen" dituen sistema "heteropatriarkal, kapitalista, arrazista, kapazitista kiskali" nahi du Euskal Herriko Mugimendu Feministak. "Jendartearen zati handienarentzat, eta bereziki emakumeontzat zein sexu genero disidenteontzat kriminala eta jasanezina den eredu honekin bukatu nahi dugu", azaldu du.
Bestetik, Urola Erdiko Itaiak deituta, manifestazioa egingo dute, 19:30ean plazatik abiatuta, eta Emakume langileok askatzeko, sozialismoa eraiki lelopean. Besteak beste, emakumeen lan baldintzak okertzea, zaintza lanen lan karga handitzea, hipersexualizazioaren normalizazioa eta indarkeria matxistaren forma berriak eratu izana eta alderdi politikoek feminismoarekin duten jokabidea salatuko dituzte. Itaiak azaldu duenez, baina, estatu sozialista eraikitzea da emakume langileen zapalkuntza egoera gainditzeko berme bakarra. "Sozialismoaren norabidean, gaurdanik hasita, zapalkuntza ezberdinen aurka antolatu eta borrokatu behar dugu".
Ikastetxeetan ere bai
Urola Erdiko Ikasle Abertzaleek ere antolatu dituzte ekintzak biharko. Hain zuzen ere, Lotzen gaituzten kateetatik askatzeko, emakume langileok borrokara batu! lelopean hitzaldiak eta elkarretaratzeak izango dira Azkoitiko eta Azpeitiko ikastetxeetan. Hitzaldiak honako ordutegian izango dira: Urola Ikastolan, DBH3 eta DBH4 mailetakoei zuzendutako solasaldia izango da 10:20an, eta Batxilergoko lehen eta bigarren mailetakoei zuzendutakoa 11:45ean; Ikasberri Azpeitiko Ikastolan, 11:30ean izango da hitzaldia; eta Azkoitia BHIn, 10:45ean. Bestalde, hainbat elkarretaratze egingo dute: Urola Ikastolan, jolastokian elkartuko dira 11:20an; Ikasberri Azpeitiko Ikastolan, 12:30ean bilduko dira jolastokian; eta Azkoitia BHIn, 11:45ean jarri dute hitzordua, jolastokian.
Era berean, herriko ikastetxeetan Martxoaren 8a lantzeko askotariko ekintzak egingo dituzte eskola orduetan.